Udara heldu da eta berarekin batera akainak eta eltxoak

Urte-sasoi honetan Rhipicephalus akaina aktibo aurkitzen da, landareetan bere presentzia ugariagoa da eta horren ondorioz abelgorriei egindako ziztadak gora egiten dute. Akaina espezie hau hainbat patogenoren bektore izan daiteke, horien artean aurkitzen da esaterako Babesia ovis, ardiei eragiten diena. Urte garai honetan, udaberri amaieran eta udara hasieran, akainen infestazio bat sukar, anemia eta hemoglobinuriarekin batera azaldu ezkero babesiosi kasu baten adierazgarria izan daiteke. Kasuaren baieztapenak laborategiaren euskarria behar du eta zorionez tratamendu eraginkorra duen gaixotasuna da.
Rhipicephalus akainak pertsonak ere ziztatu ditzake eta Rickettsia conorii bakterioa edo beste rickettsia espezie batzuk kutsatu, garrantzi desberdineko sintoma klinikoak sortzen dituzten bakterioak dira.
Gainera garai honetan natur eremuetara joatea eta akainak ugariak diren zonaldeak bisitatzea oso ohikoa da. Landare estalki; garo, txilar, ote, etab. ugariko zuhaiztiak esaterako, bertan Ixodes ricinus espezieko akainak sarri aurkitzen dira. Espezie hau gure erkidegoko landareetan gehien aurkitzen dena da eta Lyme gaitza sortzen duen Borrelia burgdorferi bakterioaren bektorea da. Prebentzioaren gakoa akainak hiru aro dituztela (larba, ninfa eta heldua) eta elikatzeko azalera heldu daitezkela jakitea da, baten bat helduta erreparatuz gero, lehenbailehen kendu eta gerora sintomaren bat (sukarra, ondoeza, azaleko asaldura, etab.) sumatuz gero medikuari jakinarazi behar zaio dagozkion frogak egiteko.
Akainez gain, urte-sasoi honetan eltxoak ere ugaritzen hasten dira. Aurreko blog batean gure etxe-inguruetan tigre eltxoaren (Aedes albopictus) agerpena ekiditeko triptiko (link) bat erraztu genuen. Eltxo inbaditzaileez gain, bertako eltxo mota askorekin ere bizkidetzan gaude. Aurreko urtean laginketak egiten hasi ginen 3 euskal hiriburuetako hiri-inguruetan eta Euskal Herriko bi hezegune txikitan, 15 espezie desberdin antzeman ziren baina hezegunetako espezie aniztasuna nabarmen handiagoa izan zen. Hiri-inguruetan Culex pipiens izeneko eltxoa nagusitu zen, ohikoena den espeziea baita. Prebentzio neurri bezala eltxoz josirik dauden zonaldeak ekidin, galtza eta mahuka luzeko kamisetak jantzi eta intsektuak uxatzeko produktuak erabili daitezke.

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *