Etxean lasai egon ahal izateko triptiko bat

Aedes albopictus, tigre eltxo gisa ezagutzen dena, Asiako hego-ekialdeko gune tropikal eta subtropikaletan jatorria duen espezie inbaditzailea da. Azken hamarkadetan, Amerika, Afrika eta Europa bezalako herrialde epelak kolonizatzeko gaitasuna erakutsi du. Eltxo honek 200-400 metroko distantziara egiten du hegaz, ondorioz, edozein motako ibilgailuak erabiltzen ditu leku desberdinetara mugitu ahal izateko. Izan ere, autoen motorrek askatzen duten beroa eta CO2-ak, eltxo helduak erakartzen dituzte. Garraio globalaren hazkundea eta aldaketa klimatikoa, tigre eltxoaren hedapena bultzatu duten faktoreak izan dira. Europan, Albanian detektatu zen lehendabizikoz 1979.urtean, eta Espainian, 2004.urteaz geroztik Mediterraneotik zabalduz joan da. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2014.urtea izan zen, eltxo hau lehendabiziko aldiz detektatu genuen urtea, Iruneko udalerrian dagoen saltoki-gune bateko parkinean, hain zuzen ere. Badirudi, apurka-apurka eltxo honen populazioa bertan ezartzen doala. Eltxo hiritarra da eta honen ziztadak gizakiongan ziztadura mingarriak eragiten ditu, konfort egoera aldatuz. Honez gain, 26 mota desberdinetako birusen bektore izateko duen gaitasuna frogatua gelditu da. Orain arte, dengue virusa eta chikungunya transmititzeko duen gaitasuna onartua izan da eta baliteke Zika virusa transmititzeko kapaz izatea ere. Beraz, osasun publikoan ondorio garrantzitsuak izan ditzake.

Bada, eltxo populazioa gune hiritar zein etxetiarrean maila baxuetan mantendu ahal izateko, prebentzioa ezinbestekoa da. Zer egin dezakegu? Eltxoaren ugaltze-tokiak ezabatu. Emeek, habitat naturaletako substratu umeletan jartzen dituzte arrautzak, ur kopuru txikiak gordetzeko kapazitatea duten tokietan, alegia. Dena dela, gune artifizialetan ere ezarri ditzakete arrautzak (lorontzien platerrak, animaliek ura edateko platerrak, teilatuetako erretenak, pneumatiko pilatuetan, upeletan, estoldetan, etb.), hau da, ura, gutxi gora behera kopuru txiki eta modu konstante baten pilatu daitekeen tokietan. Eltxo honi buruz gehiago jakin ahal izateko eta gure inguruan honen hedapena eteteko asmoz, ondorengo triptiko hau prestatu dugu (PDF triptiko), Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko webgunean argitaratua izan dena ( http://www.euskadi.eus/informazioa/tigre-eltxoa-aedes-albopictus/web01-a2ingsan/eu/ ).

Argazkia: Aedes spp. Egilea: ECDC

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude