Azken 10 urteetan, boom bat egon da “omikak” eta albaitaritzako doitasun-medikuntzari lotutako argitalpenen kopuruan. Izan ere, NEIKEReko Animalien Osasun Sailean teknika horiek martxan ditugun hainbat proiektutan sartu dira. Sarrera honetan, etxeko animaliengan eta basa-faunan eragin handia duten gaixotasun batzuen garapena hobeto ulertzen laguntzeko metagenomikak informazioa nola ematen duen kontatuko dizuegu.
INFLUOMA “Hegazti-gripearen birusarekin naturalki infektatutako hegazti basatien biroma eta bakteriomaren azterketa”
Aurreko sarreretan aipatu den INFLUOMA proiektua hegazti-gripeak eragindako infekzioarekiko erresistentzia- eta sentikortasun-mekanismoetan sakontzea du helburu. Duela urte batzuetatik NEIKERen ezarritako ikerketa-ildoari jarraitzen dio, eta birusak kutsatutako hegaztiak neurri handiagoan Salmonella spp agenteekin edo mikobakterioekin, hegaztiei ere eragiten dieten patogeno zoonotikoekin, kutsatuta daudela erakutsi du. Jakin badakigu bakterio eta birus komunitateen konposizioak funtsezko eragina duela mikroorganismo jakin batzuen ugalketan, eta, horregatik, beharrezkoa da gripearen birusak ostalarian duen patogenia ezagutzea eta hegaztiek infekzioaren eboluzioan zehar bakterioma eta biromak betetzen duten papera zehaztea. Proiektu honetan, ikerketa metagenomiko bat burutzen ari da, basa hegaztien hainbat espezietan birusak eta bakterioak (arnasketakoak eta digestiokoak) identifikatzeko. Horrela, espezie basatietan (basahatea, antxeta mokogorria, birigarro arrunta, araba-zozo beltza eta etxe-txolarrean) ohikoa den mikrobiota zehaztuko da, eta mikrobiotan dauden aldeak egiaztatuko dira habitatari (hirikoa vs. landa-eremukoa), hegaztien migrazio-mugimenduei eta influenza-infekzioari erreparatuta.
Proiektuak informazio baliagarria emango du hegaztien industriarako eta basa-bizitzaren kontserbaziorako; izan ere, osasunarekin eta gaixotasunarekin zein bakterioma eta biroma lotzen diren zehaztuko du.
MILKBIOTA “Esnearen mikrobiotaren papera errapearen osasunean, oritzaren kalitatean eta txahalaren hesteetako mikrobiotaren garapenean”
MILKBIOTA proiektuak, aurreko sarreretan ere aipatua, helburu orokor bat du: esnearen mikrobiotak mamitisaren garapenean eta txahalen heste-osasunean duen eragina sakontzea. Beste talde batzuek egindako ikerketa metagenomikoen arabera, behi osasuntsuen errapeek bakterio-komunitate anitza dute. Postulatu da bakterio-populazioen desoreka eragiten duten egoerek, haien aniztasuna murriztuz, animaliak mamitisa garatzeko joera izan dezaketela. Proiektu honek teknika mikrobiologikoak, immunologikoak eta sekuentziazio masibokoak konbinatzen ditu esnearen mikrobioman esnealdi osoan gertatzen diren aldaketak ezaugarritzeko. Horrez gain, esnearen eta oritzaren mikrobiomak egoera desberdinetan (adinak, erditze-zenbakiak, mamitisa, etab.) izan ditzaketen desberdintasunak identifikatzen dira. Beste alde batetik, txahalen ohiko heste-mikrobiota zehaztu nahi da, haien amen mikrobiotarekin eta oritzaren kalitate immunologikoarekin alderatzeko, eta txahalek gaixotasun infekzioso jakin batzuekiko duten suszeptibilitatean duen eragina ikertzeko. Azkenik, esnearen erresistoma (antibiotikoekiko erresistentzia-geneen taldeak) ere karakterizatuko da, antimikrobianoen kontsumoaren eta esnean erresistentzia-gene mota desberdinen ugaritasunaren arteko loturak ikertzeko.
Esnearen mikrobio-komunitatearen profilak mastitisaren garapenean eta txahalen osasunean duen garrantziari buruzko gure ulermena hobetuko du proiektuak, eta esne-industrian aplikatuko da.