Gaztela-Mantxako Unibertsitateak (UCLM-IREC) abuztuaren 31tik irailaren 2ra bitartean, modu birtualean, “69th Annual Wildlife Disease Association (WDA) and 14th Biennal European Wildlife Disease Association (EWDA) Joint Conference” antolatu zuen. Batzar hau fauna basatiaren osasunaren arloan nazioarteko erreferentea da eta aurtengo leloa hurrengoa izan da: “Managing Wildlife Diseases for Sustainable Ecosystems”. Honen helburua basa-fauna kontserbatzeko etorkizuneko estrategietarako oinarri zientifikoak eta teknikoak ematea izan da. NEIKEReko Animalien Osasun Saileko hainbat kidek ikerketa desberdinak ahoz zein poster formatuan aurkeztu zituzten bertan:
Lehenik eta behin, “Interaction patterns between wildlife and cattle assessed by camera traps reveal chances for mycobacteria transmission in Atlantic habitats” izeneko ikerlana aurkeztu zen. Azterlan horretan, basa-faunaren eta EAEko behi-azienden arteko elkarreraginak eta mikobakterioen transmisioarekin izan dezaketen lotura aztertu ziren. Lan hori egiteko, aldez aurretik mikobakteriosi-historiala zuten hiru behi ustiategietan argazki-tranpa kamerak ezarri ziren eta lortutako bideoen datuak hainbat estatistika-eredu egiteko erabili ziren. Zeharkako elkarreraginak zuzenekoak baino askoz maizago gertatu zirela, faunak eta behiek elkar eragiteko lekurik aproposenak abereen larreak izan zirela eta azkonar-zuloak azerien, azkonarren, basurdeen eta behien arteko mikobakterioen zirkulazio puntuak izan zitezkeela izan ziren azpimarratu beharreko emaitzak.
Ondoren, “Stable prevalence of Coxiella burnetii in wildlife after a decade of surveillance in the Basque Country (northern Spain)” izeneko ikerketa aurkeztu zen. Ikerlan horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan basa-faunak C. burnetiiren gordailu gisa izan dezakeen garrantzia aztertu zen. Horretarako, basa-ungulatuen eta basa-hegaztien laginak aztertu ziren eta orkatz, orein eta basurdeetan, baita zikoin batean ere C. burnetiiren DNA antzeman zela nabarmendu zen. Basa-ungulatuetan aurkitutako genotipoak abereekin partekatzen dira eta gizakien Q sukar agerraldi batzuetan ere zerikusia izan dute. Era berean, azterlan horrek hamarkada batean basa-faunan C. burnetiiren prebalentzia egonkor mantendu dela frogatu du.
Hirugarren ahozko aurkezpena “Evaluating interspecific transmission of ticks, fleas and canine vector-borne pathogens between dogs and foxes in a human-dominated landscape” doktore-tesiarekin lotuta egon zen. Tesi hori Txilen egin zuen gure lankide batek, eta horri buruz hitz egin zen lehenago blogean.
“Infectious disease surveillance at the wildlife–domestic interface of a partridge farm” izenburuko posterra ere aurkeztu zen. Bertan, hainbat patogenok basa- eta etxe-espezieetan duten prebalentziari eta horien arteko interakzioei buruzko datuak aurkeztu ziren, argazki-tranpa bidez. Lortutako emaitzen artean, Paseriformeetan eta ustialekuko eperretan influenza birusaren eta mikrougaztunetan eta eperretan Salmonella typhimurium bakterioaren antzematea azpimarratu ziren. Gainera, ustialekuko eperrek batez ere elkarrekintzak etxeko saguekin eta txolarrekin egiten zituztela egiaztatu zen, patogenoen transmisioa erraztuz.
Biltzarrari eta biltzarraren laburpen-liburuari buruzko informazio gehiago esteka honetan aurki dezakezue.