Joan den ekainaren 27an Mikrobiomaren Munduko Eguna ospatu zen, mikroorganismoen mundu liluragarri eta anitza eta izaki bizidunen osasunean eta ingurumenean duten paper garrantzitsua nabarmentzeko aukera berezia izanik. Mikrobioma ingurune jakin batean, hala nola ostalari baten gorputzean, lurzoruan edo uretan, bizi diren mikroorganismoen komunitateari (bakterioak, arkeak, protistak, onddoak eta birusak) dagokio. Mikroorganismo horiek sinbiosian daude beren ingurunearekin eta ostalariarekin, modu dinamikoan eta jarraituan elkarreraginez.
DNAren sekuentziazioan izandako aurrerapen teknologikoei esker, mikrobiomaren azterketak hazkunde esponentziala izan du, aurkikuntza eta aplikazio garrantzitsu batzuk agerian utziz. Horren ondorioz, mikrobioma sakonago ezaugarritu da, mikrobio-espezie berriak aurkitu dira eta gene eta funtzio mikrobiano espezifikoak identifikatu dira, ostalariaren osasunean eragin zuzena izan dezaketenak.
Animalien osasunaren arloan, mikrobiomaren ikerketak garrantzi handia du, animalien osasunarekin, ekoizpenarekin eta ongizatearekin harreman estua baitu. Mikroorganismoek funtsezko zeregina betetzen dute hainbat funtzio fisiologiko eta metabolikoetan, besteak beste, elikagaien digestioan, metabolitoen sintesian, sistema immunologikoaren modulazioan eta patogenoen aurkako babesean lagunduz.
Mikrobiomari buruzko azterlanen emaitza ugarien artean, mikrobiota orekatu eta askotarikoa animalien osasuna mantentzeko funtsezkoa dela ikusi da. Mikrobio-aniztasunaren galera, disbiosi izenez ezagutzen dena, hainbat animalien gaixotasunekin lotu, hala nola digestio-nahasmenduekin, alergiekin eta gaixotasun metabolikoekin.
Hesteetako mikrobiomaren konposizioa eta funtzionaltasuna kanpoko faktoreen eragina izan dezaketela ikusi da, hala nola dieta. Beraz, mikrobioma elikadura-aldaketen bidez modulatzeko ikerketak ere egin dira. Probiotikoak eta prebiotikoak patogeno kaltegarrien kolonizazioa prebenitzeko modu gisa erabiltzeaz gain, elikadura-eraginkortasuna hobetzeko ere erabil daitezke, errendimendu produktiboa handituz, eta horrek guztiak animali ongizatean ondorio positiboak ekarriz.
Ikusi da hesteetako bakterio batzuek sistema immunologikoa indartzen duten molekulen eta zelulen ekoizpena estimulatzen dutela, baita patogenoen hazkundea inhibitzen duten konposatu antimikrobiano naturalak sortzeko gai diren mikroorganismoak ere. Aurkikuntza horiek aukera berriak zabaltzen dituzte terapia alternatiboak garatzeko antimikrobianoekiko erresistentziaren aurkako borrokan, azken hau osasun-arazo globala izanik.
Laburbilduz, animalien osasunaren arloan mikrobiomaren ikerketak animalien osasunean, ekoizpenean eta ongizatean duen garrantzia erakutsi du. Lortutako aurkikuntzek ikuspegi berriak zabaldu dituzte gaixotasunak diagnostikatzeko, prebenitzeko eta tratatzeko, bai eta produkzio-errendimendua hobetzeko ere. NEIKEReko Animalien Osasuneko Sailean, zenbait proiekturen barruan (MILKBIOTA:PID2019-106038RR-I00 financiado por MCIN/ AEI /10.13039/501100011033 eta INFLUOMA:PID2020-114060RR-C31 financiado por MCIN/ AEI /10.13039/501100011033), aurreko sarreretan aipatuak izan direnak, gai honen inguruan azterlanak ere egin ditugu arlo horretan ezagutza zabaltzen laguntzeko intentzioz. Oraindik asko dago esploratzeko, baina ikerketak aurrera egin ahala, animalien osasunaren arloan aplikazio praktiko berriak sortzea espero da, animalientzat zein gizakientzat onurak eskainiz.