“Osasun bakarra” estrategiarekin erlazionatutako proiektuetan lortutako emaitzak 2020an

Osasun bakarra (“One-Health”) estrategiak gizakiei, animaliei eta ingurumenari eragiten dien gaixotasunak zein horiei lotutako arazoak diziplina anitzetan eta era koordinatuan lantzean datza. Ikuspuntu honetatik patogeno zoonotikoak bereziki garrantzitsuak dira. Hauek elikadura-katearen bidez, aire bidez edota artropodoen ziztada bidez eskuratu daitezke.
Hona hemen Animalien Osasun Sailean garatzen diren proiektu batzuen aurrerapena:
Animalia basatien osasun-zaintza EAEn
Proiektu honen helburu nagusia animalia basatiei eragiten dieten infekzio edota gaixotasunen prebalentzia eta natur ingurunean duten banaketa zehaztea da, hauek kezkagarriak izan baitaitezke etxeko aziendarentzat eta gizakientzat. Horrela, urtero birus, bakterio eta parasitoen presentzia behatzen da ikertutako animalia-espeziearen arabera. Garrantzi handiena duten eragileak hegazti-influenza birusak eta animalia-tuberkulosian (batez ere basurde eta oreinetan) parte hartzen duten mikobakterioak izan daitezke. Bestalde, aipatzekoa da Aujeszsky gaixotasunaren edo basurde-bruzelosiaren jarraipena, bai eta sarna zein hidatidosia haragijale eta ungulatuetan. Gainera, gorakada eduki dezaketen gaixotasunak (adibidez, txerri afrikarraren izurria edo Mendebaldeko Niloko birusa – West Nile – izaera zoonotikoa duen birusa) EAEn sartzeko aukera ere aztertzen da. Proiektu hau gizakien zein animalien osasuna bermatzeko proiektu estrategikotzat jotzen da.

Q sukarraren azterketa Espainia iparraldeko animalia-gizaki-ingurumen interfazean One Health estrategia bidez
Q sukarra Coxiella burnetii bakterioak eragindako zoonosia da eta honen gordailu nagusiak hausnarkari txikiak dira. 2018-2019an lagindu ziren 272 ardi- zein ahuntz-ustiapenetako ingurumen-laginen (gainazalen hautsa) analisian lortutako emaitzak aztertu dira 2020an zehar. Kutsatze-arriskuari lotutako aldagai nagusiak nekazaritzako eskualdea, zentsua eta beste artalde batzuekiko kontaktua izan dira, besteak beste. C. burnetii-ren 5 genotipo identifikatu dira, ohikoena SNP-8 izanik. Coxiella-k eragindako infekzio naturalaren jarraipena egin da 4 artalde eta ahuntz-talde batean, eta emaitzek adierazten dutenez infekzioak nabarmen egin duen behera 4 erditze-garaietan. Hala ere, animalia taldearen maneiuaren arabera berraktibatzeak behatzen dira. Gainera, gordailu basatia ere aztertu da, basurde, orkatz eta oreinetan infekzioa atzeman delarik. Genotipoen azterketa egiteko bidean gaude, espezie basatiek eta etxeko aziendak genotipoak partekatzen dituzten egiaztatzeko.

Antibiotikoen erabilera murriztea abere ustiategietan
2020an zehar bakterioen genoma osoen azterketari aplikatutako sekuentziazio masiboko teknikak erabili ditugu. Honek, abeltzaintzan garatzen diren erresistentzien zaintza epidemiologikoko programen esparruan, ahalbidetu du EAEko hausnarkari-ustiategietatik isolatutako bakterioen erresistentzia-determinatzaile genikoak karakterizatzea. Era berean, 2019an esnetarako behi-aziendaren ustiategietan abian jarritako azterketa pilotua osatu dugu. Honen helburua gaixotasun infekziosoen eragina murrizten lagunduko duten hobekuntza-puntuak identifikatzea eta antibiotikoen erabilera zuhurra bultzatzea da: “behar bezain beste, ahalik eta gutxien”.

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *