NEIKER Ugaztunen Ikasketa eta Kontserbaziorako Espainiako Elkartearen XV. Kongresuan

2021eko abenduaren 4tik eta 7ra bitartean Kordoban ospatu den Ugaztunen Ikasketa eta Kontserbaziorako Espainiako Elkartearen (SECEM) XV. Kongresuan izan gara. Aurtengo edizioko antolatzaileak SECEM eta Kordobako Unibertsitatea izan dira. SECEM-ek aurrera eramaten dituen jardueren artean nabarmentzekoak dira bi urtean behin egiten diren ugaztunen ikasketa eta kontserbazioari buruzko bilerak. Hauek ugaztun basatien espezie edo talde desberdinek Iberiar Penintsulan duten egoera azaldu eta eztabaidatzeko plataforma garrantzitsuena bihurtu dira. Aurtengoan NEIKERek ondorengo proiektuen esparruan garatutako bi lanen emaitzak aurkeztu ditu: “Euskadiko espezie basatien osasun-zaintza (VEPIFAUS)” eta “Animalien tuberkulosiaren kontrolerako tresna berritzaileak ikertu eta garatzeko Pirinioez gaindiko sarea (INNOTUB)”.
Alde batetik, “Azkonar arrunta mikobakterio-iraizle gisa EAEn” izeneko lanaren emaitzak aurkeztu dira, zeinen helburua, EAEko azkonarraren gorotzetako mikobakterioen prebalentzia zehaztea zen. Horretarako, qPCR bidez 94 gorozki-lagin (2010-2021) aztertu ziren, horietako 75 hazkuntza-inguruneetan inokulatu zirelarik. qPCR-en %94,7a eta inokulatutako laginen %45,3a positiboak izan ziren. Ez zen aurkitu Mycobacterium tuberculosis-bovis konplexuko mikobakteriorik; hala ere, tuberkulosoak ez diren mikobakterioen (MNT) 12 espezie desberdin identifikatu ziren.

Bestalde, “Tuberkulosiaz haratago: Mikobakterio ez-tuberkulosoak EAEko azienda eta animalia basatien interfazean” lanaren emaitzak aurkeztu dira. Bigarren lan honen helburua EAEko aziendan eta fauna basatian isolatutako MNTak (2012-2019) aztertzea izan zen. Horretarako 95 animaliatatik (46 basurde, 14 azkonar, 13 behi, 10 orkatz, 4 basasagu, 3 orein, 2 azeri, lepazuri 1, zapelatz arrunt 1 eta ahuntz 1) isolatutako 106 isolatu aztertu ziren qPCR bidez edota 16S rRNA eta rpoB-ren sekuentziazio partzial bidez. Horrela, 26 MNT espezie/aldaera identifikatu eta M. avium (63%) eta M. terrae (14%) konplexuen barnean sailkatu ziren. Aipagarria da 6 udalerritan Mycobacterium avium subespecie avium y Mycobacterium avium subespecie hominissuis edo/eta M. nonchromogenicus mikobakterioak espezie ostalari batean baino gehiagotan isolatu izana, basurdea beti horietako bat izanik. Emaitzen arabera, EAEko basa-faunak eta aziendak MNTak partekatu ditzakete. Aurkikuntza hauek eta etxeko eta basoko animalien arteko elkarreraginaren maiztasun handiak (EAEn berriki egin den ikerlan batean ikusi da), MNTek interfaze horretan zirkulatzeko duten arriskua adieraziko lukete, non basurdeak eta M. avium subespezieak funtsezko rola dutela dirudien.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *