NDM-1 motako karbapenemasak sortzen dituen E. coli baten lehen describapena behi-azienda batean

Antimikrobianoak funtsezko tresnak dira gizakien eta albaitarien medikuntzan gaixotasunak tratatzeko. Hala ere, bakterio erresistenteak agertzeak eta barreiatzeak medikamentu horien eraginkortasuna gutxitzen du, arazo larria izanik osasun publikoarentzat. OMEk garrantzi kritikoko antimikrobianoen artean sartzen ditu karbapenemeak (antibiotiko β-laktamikoak). Hauek, elikagaiak ekoizten dituzten animalietan erabiltzea debekatutik daude, izan ere giza medikuntzan erresistentzia anitzeko enterobakterioek eragindako infekzioen aurkako azken baliabide gisa erabiltzen dira. Karbapenemekiko erresistenteak diren bakterioak arazo larria dira ospitalean, gero eta sakabanatuago baitaude. Elikagaiak ekoizten dituzten animalietan ordea, oso gutxitan detektatu dira.

Duela gutxi, NEIKEReko Animalien Osasun Sailak egindako azterlan batean, karbapenemekiko erresistentea den E. coli bat isolatu da, EAEko esnetarako behi-azienda batean. Bakterio hori, txahal-gorozkien laginetatik isolatu zen. Fenotipikoki aztertutako β-laktamiko guztientzat (karbapenemeak barne) erresistentea izateaz gain, sufametoxazol eta trimetoprimarekiko erresistentea izan zen ere.

E. coli (EC1110) anduiaren genoma Illumina eta Oxford Nanopore sekuentziazio hibridoa erabiliz berreraiki zen. Anduia IncC motako (pEC110_NDM-1) plasmido bat zuen, eta bertan NDM-1 motako karbapenemasa entzimarentzat kodetzen duen blaNDM-1 genea topatzen zen. Gene horrekin batera bete erresistentzia gene batzuk agertzen ziren: sul1 (bi kopia) eta sul2 (kopia bat) (sulfonamidekiko erresistentzia-geneak), trimetoprimarekiko eta amikazinarirekiko erresistentziekin lotuak dauden geneak (dfrA12 eta aph(3′)-VI, hurrenez hurren), estreptomizinarekiko erresistentea den gene bat (aadA2) eta azkenik, qacEΔ1 genea (amonio kuaternarioko konposatuei erresistentzia ematen diena). Plasmido horrek (pEC1110_NDM-1) antzeko egitura-ezaugarriak zituen blaNDM-1 genearen eramaile diren mota bereko beste plasmido batzuekin; gehienak giza jatorrikoak ziren. Horrez gain, animalietan isolatutako IncC plasmidoekin antzekotasun asko zituen, denak blaNDM-1 genea gabekoak.

Hau da blaNDM-1 genea daraman E. coli baten lehen deskribapena behi-azienda batean. Aurkikuntza puntuala izan arren, kezkagarria da behi-aziendetan karbapenemekiko erresistentzia-geneak plasmidikoki kodifikatuak dauden bakterioak topatzea, elikagaiak ekoizten dituzten animalien artean erresistentzia-geneak hedatzeko arriskua ekar baitezake.

Karbapenemeak ez direnez erabiltzen ekoizpen-animalietan, ez dago horien erabilerari lotutako presio selektiborik. Beraz, erresistentzia-gene ugari dituen bakterio honen jatorria ingurumenekoa izan liteke eta animalietan agertzeak giza isolatuetan nagusi diren karbapenemasa moten isla izan lezake. Bestalde, beste antibiotiko batzuk erabiltzeak erresistentziak batera hautatzea bultza lezake, erresistentzia-gene ugari dituzten plasmido eramaileen bidez. Aurkikuntza horren arabera, beharrezkoa da One Heath (Osasun bakarra) ikuspegitik diseinatutako zaintza-programak ezartzea, bakterio erresistenteek pertsonengan, animalietan eta ingurumenean izan dezaketen hedapena monitorizatzeko. Bestalde, funtsezkoa da antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzea erresistentzien barreiadura geldiarazteko.

Ikerketa hau Journal of Antimicrobial Chemotherapy aldizkarian argitaratu da, eta esteka honen bidez kontsulta daiteke. 

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *