Eltxo inbaditzaileen zaintza hasi da – 2021

2013az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoan Aedes spp. eltxo inbaditzaileen zaintza egiten da. 2014. urtean Aedes albopictus (tigre eltxoa) atzeman zen Gipuzkoan, Irungo udalerrian hain zuzen. Harrezkero, eta lagin-esfortzua handitu ahala, Gipuzkoa zein Bizkaiko beste hainbat udalerritan ere atzeman da espezie hau, eta baita Araban ere noizean behin. 2020an, bigarren espezie exotiko inbaditzaile baten, Aedes japonicus, presentzia identifikatu zen lehen aldiz. Honen harira, 2021ean 10.000 biztanletik gorako udalerri guztietan laginak hartuko dira, udalerri hauetako batzuk programan lehen aldiz sartuko direlarik.
Eltxo hauek ur-bolumen txikitan hazten dira eta hortaz oso interesgarria da ur-puntuak (bidoiak, pneumatikoak, ontziak, estoldak eta abar) kontrolatzea edota ezabatzea leku publiko zein jabetza pribatuetan; izan ere, batzuetan jabetza pribatuetan egoten dira eltxo horien ugaltze-guneak. Informazio gehiago izateko esteka bat erantsi dugu: (https://www.euskadi.eus/informacion/mosquito-tigre-aedes-albopictus/web01-a2inform/es/).
Denboraldia amaitzean emango dugu lortutako emaitzen berri. Programa hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren Zuzendaritzak koordinatzen du. Honetaz gain, EAEko udal nagusiek eta NEIKEReko Animalien Osasuna Sailak ere parte hartzen dute programan, azken honek Estatuko programaren aldi bereko finantzaketa duelarik (“Gaixotasun infekzioso exotikoen bektore inportatuen zaintza entomologikoa aireportu eta portuetan, eta gaixotasun horien bektore potentzial autoktonoen zaintza”, Espainiako Gobernuko Osasun Publikoaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak finantzatua).

Argazkia: NEIKER-Sanidad Animal

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *