Aurrerakoen hazkuntzaren garrantzia

Gutxitan ematen zaio garrantzia aurrerakoen hazkuntzari, batez ere esne-aziendatan. Ahalegin guztia ekoizpen-animalietan jarri ohi da epe laburrean ikuspegia jarriz, etorkizuna txahal horien mende dagoela kontutan hartu gabe. Aurrerakoen hazkuntza osasuntsua izatea eta egoera onean edukitzeak inbertsioa eskatzen duen arren, inbertsio hori erraz berreskuratuko da. Txahalen bizitzako lehen asteetan hain maiz ikusten diren beherakoak eta arnas arazoak dira behi-aziendatan sortzen diren bajen %7aren jatorria. Gainera, kontutan hartu behar da beste ehuneko handi bat gaixotuko dela geroago eta, nahiz eta, animali horiek sendatu, atzerapenak jasango dituztela hazkundean, askotan betirako kaltetuta geratuko direlarik, ekoizpen-etapara heltzeko zailtasunak izanik. Behi baten inbertsioa, bigarren edoskitze etaparen erdira heltzen denean ordaintzen dela diote hainbat ikerketek, hortaz, txahalen hazkuntzan arreta jartzea beharrezkoa bilakatzen da.

Helburua txahalek sistema inmunitarioaren garapen on bat edukitzea izan behar da. Horrela, gaixotasunak garatzeko arriskua saihestuko da eta zeharbidez, antibiotikoen erabilera murriztuko da, oso garrantzitsua dena antibiorresistentzien aurkako borrokan. Hainbat faktore dira hazkuntzaren eragile, eta batzuen eragina txahala jaio baino lehenago hasten da. Umedun dagoen amaren maneiuak eragina izango du jaioberrian, aipatutako helburua lortzen lagunduko duten gakoak estresa saihestea eta baserriaren beharren araberako txertaketa plan egoki bat ezartzea izanik. Gainera, kontutan izan behar dira txahalaren bizitzako lehen orduak, oritza hartzeko moduak desberdintasun handia eragin dezakeelako. Ildo honetan jarraituz, lehen oritzaren jezteak lehentasuna izan behar du eta txahalek lehenengo lau orduetan hartu behar dute lehenengo oritz hori. Oritzak immunoglobulina kalitate ona edukitzeaz gain, baldintza higieniko optimoetan egon behar duela ziurtatu behar da, bakterien presentziak, negatiboki eragiten duelako antigorputzen absortzioan, inmunitate transferentzia pasiboan kalte eginez.

Animalien Osasuna Sailean ildo horretan lanean ari dira URAGAN (Uso Racional de Antibióticos en Ganadería) eta MILKBIOTA (Papel de la microbiota de la leche sobre la salud de la ubre, la calidad del calostro y el desarrollo de la microbiota intestinal del ternero-MICINN – PID2019-106038RR-I00) proiektuak, aurreko sarreratan aipatu ditugunak.

Argazkia: Pexels. Cottonbro studio
 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *