Aldi lehorrean zigilatzeko produktu berrien garapena eta ebaluazioa

Mastitisa, esnetarako behi-aziendaren gaixotasunik ohikoena da eta galera ekonomikoen lehen kausa. Ekoiztutako esnearen kantitatearen eta kalitatearen jaitsiera eta tratamendu antibiotikoak dira gaixotasunaren kostu handiena eragiten duten faktoreak. Antibiotikoekin sistematikoki lehortzeko legeria gero eta murriztaileagoa da, abeltzainek tratamendu selektibo arrazionalagoa egin dezaten. Hainbat ikerketen arabera, lehortze terapia selektiboak, titi guztien barne-zigilatzearekin konbinatuta, antibiotikoen erabilera murriztu dezake, titi-barneko infekzio berrien garapena areagotu gabe, hurrengo edoskitzeetan zelula somatikoen zenbaketa igoarazi gabe.

Barneko zigilatzaileek parafina-oinarri bat izaten dute, eta haien funtzioa hesi fisiko bat sortzea da, keratina-tapoia eratu aurretik eta hautsi ondoren, aldi lehorraren hasieran zein amaieran patogenoak sar ez daitezen. Produktu hauek ez dute izaten jarduera antimikrobianoa duten sustantziarik haien formulazioan. Gaur egun, giza medikuntzan asko aurreratu da sendagaiak garraiatu eta pixkanaka askatu ditzaketen matrizeen garapenean. Izan ere, badaude antibiotikoen ordezko jarduera antimikrobianoa duten eta behietan zigilatzaile gisa erabili ahal diren hidrogelak ebaluatzeko ikerketa-lanak. Azterlan horietan ikus daitekeenez, konposatu antimikrobiano horiek 30 egunez mantentzen dira aktibo matrizean, eta poliki-poliki askatzen doaz; zigilatzaile esperimental horiek babes handiagoa izan dezakete aldi lehorraren hasieran, eta ez dute hesi fisiko gisa bakarrik jardun behar.

NEIKEReko Animalien Osasun Saila CIC bioMAGUNEk koordinatutako proiektu batean lanean ari da (BMG22- Glikobiologian oinarritutako terapia aurreratuak, minbizia eta gaixotasun infekziosoak tratatzeko).  Proiektu horren helburuen artean, mastitisa eragiten duten bakterioen atxikipena, inbasioa eta/edo biziraupena galarazi dezaketen glikokonjugatuak garatzea, etorkizunean  konposatu horiek hidrogeletan sartu eta barne-zigilatzaile gisa erabil daitezen da. Ikerketa honetarako, CICbioMAGUNEak glikokonjugatuak garatuko ditu, eta NEIKERen in vitro saiakuntza bat prestatzen ari da behien bularreko zelula epitelialen lerro batekin. Zelula epitelial horiek mastitis kasu klinikoetatik isolaturiko hainbat bakterio-anduirekin (Streptococcus uberis, Streptococcus agalactiae, Staphylococcus aureus, Escherichia coli eta Klebsiella pneumoniae) aurrez aurre jarriko dira. Behin saiakeraren baldintza hoberenak zehaztu ondoren, hidrogelak ahalezko inhibitzaileekin gehituko dira, haien gaitasun antimikrobianoa ebaluatzeko.

Espero dugu proiektu honen emaitzek aukera berriak ekartzea lehortzeko tratamenduetan, mikrobioen aurkako erresistentziak murrizten lagunduz.

Argazkia: Pexels Cottonbro Studio

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *