Aurreko astean etxe inguruetan tigre eltxoaren ugaltzea saihestu ahal izateko triptiko informatzaile bat erraztu genizuen. Aipatu genuen bezala, Aedes albopictus, asiako tigre eltxoa, gizakien hainbat patogenoren (arbobirusak) kutsapenean izan dezakeen eginkizunagatik osasun publikoarentzako garrantzi handiko espezie exotiko inbaditzailea da. Espainiak arbobirus kutsaduraren arrisku maila handienetakoa du, autonomia-erkidego batzuetan Ae. albopictusaren dentsitate altuaren eta bektore honek kutsatzen dituen gaixotasunak endemiko diren lurraldeetatik turisten etorrera handiaren ondorioz. Gure lankide den Mikel González-González de Herediak Brasilen egindako doktoratu osteko egonaldian, autonomia-erkidego desberdinetako (Euskal Herrikoak eta Balear uharteetakoak barne) Ae. albopictusen 5 populaziok Zika birusaren (ZIKV) asiako zepa batekin duten gaitasun bektoriala ikertu du.
Ae. albopictus populazioak ZIKVrekin kutsatutako odolez elikatu ziren, birusaren barreiadura-tasa eta infekzio tasa zehazteko infekzioaren osteko 7. eta 14. egunetan burua eta gorputza (toraxa eta abdomena) analizatu ziren. Infekzio tasa %12-88 artekoa eta barreiadura-tasa %0-60 artekoa izan zen, honek ZIKV erdiko-hestea zeharkatu eta gainontzeko ehunetan barreiatzeko gai dela adierazten du. Era berean Vero zeluletan listuaren kultiboak egin ziren eta kutsatze tasa plaka entsegu baten bidez balioztatu zen. Listu laginetan ez zen partikula biral infekziosorik topatu, era honetan ZIKV zepa honek listu-guruinen hesia zeharkatzeko duen gaitasun baxua iradokitzen du. Ondorioz, ikerketa honen emaitzek Espainian Ae. albopictusaren bitartez bertako ZIKVaren kutsaduren arriskua mugatua dela aditzera ematen dute, emaitzak berretsi ahal izateko beharrezkoa izango da beste zepa batzuekin, inkubazio tenperaturekin eta birusen titulazioekin ikerketa gehiago egitea.
Informazio gehiago nahi izan ezkero “Parasites and Vectors” izeneko aldizkarian berriki argitaratutako artikulua errazten dizuegu. (PDF-a deskargatu)