Ikasturte honetan, NEIKERek “Eskoletako Urmael Sarea” proiektuan hartuko du parte. Eskoletako Urmaelen Sarea Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ingurugelak koordinatzen dute elkarlanean, eta bertan, ikastetxearen inguruan urmaela duten eta hezkuntza-helburuetarako erabiltzen duten ikastetxeak daude sartuak. Urmaelak, biodibertsitate iturri izateaz gain, dibulgazio eta heziketa aldetik ere eginkizun interesgarria izan dezakete. Horregatik, urmael edo putzu hauek laborategi natural erakargarriak izan daitezke ikasleentzat, hainbat eduki eta gaitasun lantzeko gune egokiak baitira. Aurten, NEIKERek, Aranzadik eta Ingurugelak sare honetako ikastetxeei “urteko erronka” bat aurrera eramatea proposatu diete, eta urtaro ezberdinetan putzuetan dauden eltxoen azterketak izango du ardatz.
Joan den ostiralean, azaroaren 4an, sare honen hirugarren topaketa egin zen Aranzadiren Donostiako egoitzan, eta bertan 50 bat irakaslek parte hartu zuten. Topaketa honetan, NEIKERek “Eltxoak aztertzen: ikasleak zientziara gerturatzeko modu bat” aurkezpenarekin parte hartu zuen, non “urteko erronka” irakasleei aurkeztu zitzaien. Horretarako, NEIKERek materiala banatu eta argibideak eman zituen ikasleek, irakasleekin batera, urmaeletan dauden eltxoen larben ugaritasuna azter dezaten eta hala, metodo zientifikoa barneratzen joan daitezen. Gainera, ikasleek beraien haztegiak sortuko dituzte, bildutako eltxo heldugabe horiek metamorfosia egin dezaten eta eltxo helduetara nola mudatzen diren beha dezaten. Eltxo hauek NEIKERera bidaliko dira identifikatzeko. Erronka honen bitartez, ikastetxeek Herritar Zientzia proiektu honetan parte hartuko dute, gure lurraldean bizi diren espezie ezberdinei eta haien banaketari buruzko ezagutza zabaltzen lagunduko baitigute.