Paratuberkulosia (PTB) esnetarako behien sektoreari, munduan, galera gehien eragiten dion gaixotasun infekziosoetako bat da. Mycobacterium avium subsp. paratuberkulosis (Map) bide fekal-ahotik transmititzen da. Bakterio inaktibatuekin egindako larruazalpeko txertaketa izan da kostu/etekin handieneko kontrol-estrategia, maneiatzeko praktika egokiekin batera. Hala ere, behietan txertaketa mugatuta dago, txerto komertzialek behi-tuberkulosiaren diagnostiko-proba ofizialak oztopa ditzaketelako. Horregatik, beharrezkoa da txerto berriak garatzea eta/edo txertaketa-bide berriak aztertzea.
PTBren aurrean ahozko txertaketa probatu duen ikerketarik ia ez dago, nahiz eta horrek modu zehatzagoan imitatuko lukeen Mapekiko esposizio naturala. Bestalde, oro har, giza nahiz animalien osasunerako txertoen produkzioan, azken urteotan gero eta interes handiagoa sortu da dermis barneko txertaketa-bidearen inguruan. Larruazal barneko injekzioetarako gailuak diseinatu dira, errazago eta zehatzago inokulatzeko. Gainera, zenbait ikerketek erakutsi dutenez, dermis barneko txertaketa, muskulu barnekoa eta larruazalpekoa baino eraginkorragoa da, zenbait patogenoren aurrean.
Animalia Osasun Sailean, larruazalpeko bidetik, paratuberkulosiaren aurkako txerto esperimental bat ebaluatu da, emaitza onak lortuz. Horretarako, untxi-eredu esperimental bat erabili da babesa ebaluatzeko eta akuri-eredu bat tuberkulosiaren diagnostikoarekiko interferentzia aztertzeko. Oraintsuago, eredu horietan, txerto esperimental bera larruazalaren barnetik eta ahotik hartu ondoren zer gertatzen den ikusi nahi izan dugu. Dermisaren barneko txertaketak emaitza onak izan ditu; izan ere, txerto komertzialarekin alderatuta, ehunetan Map gutxiago egotea ahalbideratu du, tuberkulinizazio-probetan interferentzia gutxiago izanik. Atariko emaitza hauek laborategiko animalia-ereduetan lortu dira, behi-espeziean berretsi behar direlarik.
“Paratuberkulosiaren eta beste patologia batzuen kontrola immunogeno berrien bidez: babesa, DIVA diagnostikoa eta tuberkulosiarekiko interferentzia-PROBAK” INIA (RTA 2017-00089-00-00)” proiektuaren bidez finantzatutako lana Veterinary Science aldizkarian argitaratu dela lotura honen bidez kontsulta daiteke.