Tuberkulosiaren munduko egunarekin bat egiten dugu

Gaur, martxoaren 24a, astelehena, “Bai! Tuberkulosiari amaiera eman diezaiokegu: konpromisoa hartu, inbertitu, bete” lelopean, tuberkulosiaren (TB) munduko eguna ospatzen da.

TB gaixotasun zoonosikoa da, tuberkulosi konplexuko bakterioek sortua. Konplexu hori mikobakterio desberdinez osatuta dago, eta mikobakterio horiek zenbait zaletasun dituzte kolonizatzen duten espeziearekiko. Konplexu horren barruan, oso modu arruntean esan daiteke Mycobacterium tuberculosis-ak gizakia aukeratzen duela, eta Mycobacterium bovis eta Mycobacterium caprae-k, berriz, behia eta ahuntza, hurrenez hurren. Hala ere, hori besterik ez da, zaletasuna, hiru mikobakterio horietako edozeinek edozein animalia-espezieri eragin baitiezaioke, gizakia barne.

OMEk argitaratutako azken datuen arabera, 2023an 10,8 milioi pertsona gaixotu ziren tuberkulosiak jota, beraz, munduan eragin handiena duen gaixotasun infekziosoa dela diote. Hala ere, M. bovis eta M. caprae-ren intzidentzia pertsonengan oso desberdina da herrialde garatuen eta garapen-bidean daudenen artean. Ildo horretan, EBn, gaur egun, OMEren datuen arabera, giza tuberkulosien % 0,4 M. bovis-ek eragindakoak direla, eta garapen-bidean dauden herrialdeetan, berriz, % 10era iristen dela kalkulatzen da.

Estatu mailan, jakinarazpen-tasa (TN), 2023an, kasu autoktonoetarako, 8,2koa izan zen 100.000 biztanleko (k = 3.944 kasu). Horrek esan nahi du % 7ko igoera izan dela 2022ko TNarekiko (3.637 kasu eta TN=7,7), nahiz eta 2015. urtean lortutakoak baino hobeak izaten jarraitzen duten. Euskal Herrian, TN 10,2koa izan zen 2023an, batez bestekoa baino handiagoa.

NEIKEReko Animalia Osasun Sailean diagnostiko-teknikak hobetzeko eta txertaketa bidez animalia-TBa kontrolatzeko lanean jarraitzen dugu. Gaur egun, ildo hori INNOTUB II eta MODERAMI proiektuen barruan dago. Proiektu horiek EBk finantzatzen ditu, Interreg POCTEFA deialdiak, eta BAEk, hurrenez hurren. Gainera, ISCIII buru duen “Tuberkulosi zoonosikoa Espainian: “Osasun bakarra”, zaintza eta kontrola hobetzeko” proiektuan parte hartzen dugu. Proiektu horren helburuak M. bovis eta M. caprae-k azken urteetan gizakiengan izan duten eragina aztertzean daude bideratuak, zentro desberdinetako andui-bankuak erabiliz eta genoma osoaren sekuentziazioaren bidez aztertuz.

OMEk “TBren Amaierako Estrategian” 2025erako ezarritako mugarriak hauek ziren: % 50eko murrizketa TBren intzidentzia-tasan eta % 75eko murrizketa TBren heriotza-kopuru osoan, 2015eko datuekin alderatuta, eta hori lortzetik urrun gaude. Ez dugu amore eman behar, eta NEIKERen, tuberkulosiaren amaiera lortzeko, animalien TB kontrolatzeko estrategiak bilatzen, gure ekarpena eginez, lanean jarraituko dugu.

EFA115/01 INNOTUB II proiektua, EBko INTERREG-POCTEFA 2021-2027 programak finantzatua eta PID2022-142939OR-C21 MODERAMI proiektua, MICIU/AEI /10.13039/501100011033 eta FEDER erakundeek finantzatua, EB.

 

Argazkia: Osasunaren Mundu Erakundearen irudia

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *