Animalien tuberkulosia (TB) mundu mailan hedaturiko gaixotasuna da, M. tuberculosis (CMT) konplexuko bakterioek, M. bovis eta M. caprae bakterioek batez ere eragiten dute eta behi, ahuntz eta basa-ugaztun batzuei eragiten die gehien bat. Abeltzaintza-sektorean eragin sozioekonomiko handia izateaz gain, bere izaera zoonosikoagatik, osasun publikoko arriskua ere dakar. Euskal Autonomi Erkidegoak ofizialki behi-tuberkulosirik gabeko estatusa lortu du, baina aldizkako intradermotuberkulinizazio probetan zein hiltegietako zaintzan oinarritutako kontrol-neurriak ezartzen jarraitzen dira. Intradermotuberkulinizazio sinple zein alderatutako probak behien TB diagnostikatzeko in vivo egindako proba ofizialak dira. Proba hauetan, animaliei, intradermikoki, tuberkulina baten edo biren kantitate txiki bat injektatzen zaie, hau da, M. bovis-etik (PPD-B) eta M. avium-etik (PPD-A) eratorritako proteina purifikatuak. Tuberkulosi-infekzioa laborategi tekniken bidez baieztatzen ez den baina tuberkulinen aurrean modu ez-espezifikoan erreakzionatzen duten animaliak agertzea, oraindik, konpondu gabeko arazoa da. Horrek benetan infektatuta ez dauden animaliak hiltzea (positibo faltsuak) eta jatorrizko baserrian neurri murriztaileak aplikatzea dakar. Erreakzio horiek, besteak beste, animaliak tuberkulosoak ez diren mikobakterioekin (MNT) aurre-esposizioan egoteagatik edo, gaur egun baimenduta egon ez arren, TBren edo paraTBren aurkako txertoak erabiltzeagatik izan daitezke. Horregatik, NEIKERen lortu nahi dugun helburuetako bat, proba diagnostikoetan erreakzio gurutzatuak eragiteko gai diren mikroorganismo ez tuberkulosoak identifikatzea da eta horien interferentzia-maila bereiztea. Honi esker, diagnostiko-teknika edo -irizpide berriak garatu ahalko lirateke.
Txertatutako animaliak (BCG) eta infektatuak bereizi ahal izateko eta proba intradermikoaren espezifikotasuna hobetzeko, diagnostikorako antigeno berriak eta ondo definituak garatu dira. Azterlan honetan, tuberkulina ofizialen (PPD-B eta PPD-A) eta beste antigeno alternatibo batzuen (P22, ESAT-6 CFP-10 Rv3615c (PCL) nahasketa peptidiko luzean eta ESAT-6 CFP-10 Rv3615c (FP) fusio proteinan oinarritua) portaera aztertu dugu, mikroorganismo ez-mikobakterianoen (Rhodococcus equi, Nocardia sp.), zenbait MNT (M. nonchromogenicum, M. monacense, M. intracellulare, M. avium subsp. paratuberculosis, M. avium subsp. hominissuis, M. scrofulaceum, M. persicum) eta TMBren ordezkarien (M. microti, M. caprae, M. bovis) dosi aldakorrekin sentsibilizatutako kobaietan.
Horrela, frogatu ahal izan dugu aztertutako MNT gehienak erreakzio gurutzatuak eragin ditzaketela behi-tuberkulinarekin (PPD-B) eta P22 antigenoarekin; interpretazio konparatuak arazoa konponduko lukeela kasu batzuetan; eta interferentzia-maila animaliek jasaten duten MNT dosiaren araberakoa izan daitekeela. Azterlanaren aurkikuntza positibo gisa, azpimarratu behar da M. bovis eta M. caprae espezieen eraginpean zeuden animaliek bakarrik erreakzionatu zutela PCL eta FP antigenoen aurrean, eta, beraz, horiek behien tuberkulina osatu edo, etorkizunean, hura ordezka dezaketela. Horrela, diagnostiko-probaren espezifikotasuna hobetu egingo litzateke, positibo faltsuen agerpena saihestuz, baina benetan infektatuta dauden animaliak identifikatzeko gaitasuna galdu gabe (sentikortasuna).
Azterlana, GOATFREE- TBren desagerraraztea lortzeko baliabideak (PID2019-105155RB-C33; MCIN/AEI/10.13039/501100011033) eta INNOTUB-Animalien tuberkulosia kontrolatzeko tresna berritzaileak ikertu eta garatzeko Pirinioz gaindiko sarea (EFA357/19/INNOTUB; Interreg-POCTEFA, FEDERek kofinantzatua) proiektuen barruan garatu da. Scientific Reports aldizkarian argitaratu da eta sarbide librekoa da esteka honetan.