Klima-aldaketa, beste ingurumen-aldaketa batzuekin batera, bizi-baldintzak eta giza osasunaren mugatzaileak errotik aldatzen ari da. Tenperaturaren igoerak, prezipitazio-zikloetako aldaketek eta muturreko gertaera meteorologikoek erronka zuzenak ez ezik (arnas aparatuko gaixotasunen eta gaixotasun kardiobaskularren areagotzea kasu), zeharkakoak ere eragiten dituzte, hala nola gaixotasunak transmititzen dituzten bektoreen hedapena eta zoonosien transmisioaren areagotzea. Erronka horiei aurre egiteko, diziplina anitzeko ikuspegia behar da, jakintza zientifikoa, politika publikoak eta ekintza komunitarioa uztartuko dituena.
Testuinguru honetan, joan den azaroaren 8an NEIKEReko ikertzaileek aditu gisa parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak antolatutako Euskadiko Osasun eta Ingurumen Behatokia kontzeptualizatzeko eta diseinatzeko bileran. Behatokia sortzeko prozesua abian da, eta haren garapenak ingurumen-faktoreen eta osasunaren arteko elkarrekintzak modu integralagoan ulertzeko oinarriak ezarri nahi ditu. Prozesu horretan, aditu-taldeak zeregin garrantzitsua izango du helburu zein lehentasunak zehazteko orduan, funtsezko ezagutza eta esperientzia eskainiko ditu erabaki informatuak hartzen laguntzeko eta Euskadiko herritarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten politikak sustatzeko.
Bektore, zoonosi eta gaixotasun transmitigarrien arloan NEIKERen dugun konpromisoa zein esperientzia funtsezko ekarpena dira proiektu honetarako. Klima eta paisaiaren aldaketak eltxo eta akain bektoreen zein populazio basatiaren banaketa eta dinamika aldatzen ari dira, eta horrek gaixotasun emergenteen arriskua handitu dezake, Dengea, Mendebaldeko Niloko birusa, Krimea-Kongo sukarra eta Hegazti-gripearen kasuan, besteak beste. Mehatxu horiek modu integralean ulertu eta kudeatzen direla bermatzeko, osasun-zaintzan dugun ezagutza helarazten dugu etxeko abereetan, basafaunan zein zaintza entomologikoan, bai eta ikerketa ekoepidemiologikoan ere.
Bileran, halaber, Euskadiko erakundeetako zein Espainiako eta nazioarteko beste erakunde batzuetako adituek parte hartu zuten, eta Behatokiaren diseinua aberasteko ikuspegi eta proposamenak partekatu zituzten. Ahalegin bateratu horri esker, ingurumen-aldaketek planteatzen dituzten erronkei modu eraginkorragoan aurre egin ahal izango zaie, eta ingurumen- eta osasun-kudeaketa integratuago eta proaktiboago baterantz bidea egin ahal izango da.
NEIKERen lanean jarraitzen dugu osasun publikoa ingurumen-mehatxuetatik babesten lagunduko duen ezagutza sortzeko, Euskadik etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresna sendoak izango dituela ziurtatuz.