Paratuberkulosia mundu osoan hedatua dagoen gaixotasuna da, bereziki etxeko hausnarkariei eragiten diena. Honen eragilea Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (Map) bakterioa da. Animalia infektatu ondoren, Map makrofagoen barruan gai da animalia barnean bizirik irauteko eta makrofagoen barruan erreplikatzeko gai da, hauek baitira bere itu-zelula nagusiak. Hala ere, oraindik ez dago argi zeintzuk diren makrofagoek infekzioari erantzuteko darabiltzaten mekanismoak, ez eta txertoak nola modulatzen dituen mekanismo hauek. Kaltetutako espezieengan (ardiak, behiak eta ahuntzak) egindako landa-saiakuntzetan ikusi dugu Map-en aurkako txertaketa eraginkorra dela gaixotasuna kontrolatzeko. Honen harira, NEIKEReko Animalia Osasuna Sailak Leongo Unibertsitatean egindako ikerketa batean kolaboratu du. Ikerketa honetan, ahuntzak Silirum®-arekin txertatzeak beraien makrofagoen erantzun immunologiko goiztiarrean duen eragina aztertu da. Horretarako, odol periferikotik isolatutako monozitoak makrofago bihurtu ziren laborategian, eta in vitro infektatu ziren Map-ekin. 24 ordu igaro ondoren, txertatutako animalietan makrofagoen bideragarritasunaren murrizketa behatu zen (txertatu gabekoekin alderatuta). Era berean, barruan mikobakterioak zituzten makrofagoen ehunekoa handiagoa izan zen txertatuen taldean, fagozitosi aktiboagoa adieraziz. Gainera txertaketak iNOS (oxido nitriko sintasa entzima induzigarria) eta IL-10 (interleuzina 10) entzimen transkripzioak areagotu zituen. Guzti honek iradokitzen du txerto bidez lortutako babes eraginkorra ez dagoela nahitaez hantura-erantzunaren menpe soilik, hanturaren aurkako erantzunaren eta bien arteko orekaren menpe ere egon daitekeelarik. Laburbilduz, emaitza hauek erakusten dute txertaketak makrofagoen erantzun immunologikoan aldaketak egiten dituela, jarduera fagozitiko eta mikrobiozida handituz Map-en aurrean.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, lan osoa kontsultatu daiteke esteka honetan: https://veterinaryresearch.biomedcentral.com/articles/10.1186/s13567-021-00940-y.