Paratuberkulosia zenbait etxe-abere zein animalia basatiri eragiten dien enteritis granulomatotsu kronikoa da, Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis mikobakterioak eragiten duena. Hausnarkarien abeltegietan eragin ekonomiko handiena duen gaixotasunetako bat da. Nahiz eta azken hamarkadetan ahalegin handiak egiten ari diren ikerketa intentsiboak aurrera eramanez, paratuberkulosiaren kontrolak zailtasunak aurkezten ditu oraindik, tresna diagnostiko eta immunoprolifaktikoek muga handiak eragiten dituztelarik. Horregatik guztiagatik, paratuberkulosia aztertzeko ereduek berebiziko garrantzia dute, bai infekzioaren eta gaixotasunaren patogenia ulertzeko, bai txerto-prototipoak eta terapia berriak ebaluatzeko.
Paratuberkulosia aztertzeko eredu gisa hausnarkariak erabiltzea gero eta mugatuagoa da, animalien eta beharrezko azpiegituren mantentze-lanen kostu handia dela eta. Animalien Osasun Sailak berriki argitaratutako berrikuspen batean, paratuberkulosiaren ikerketan erabilitako eredu desberdinen potentziala eta mugak errepasatzen dira, batez ere laborategiko animalia ereduetan eta zeluletan oinarritutako ereduetan zentratuz. Lan honen prestakuntzarekin azken urteetan erabili izan diren animalia ereduen ikuspegi bat eskaini nahi izan dugu, eredu bakoitzarekin zer lortu edo aurkitu den adieraziz ikertzaile bakoitzak bere beharretara ondoen egokitzen den eredua aukeratu ahal izan dezan, bere galdera zientifikoei erantzuna eman ahal izateko eta bere hipotesiak frogatzeko. Honetaz gain, aztertzea merezi duten alternatiba berriak azaldu ditugu.
Lan hau NEIKEReko eta Buenos Airesko Unibertsitateko ikertzaileen elkarlanaren emaitza izan da, ikertzaile hauek deskribatu diren eredu batzuetan esperientzia baitute. Lan osoa esteka honetan kontsulta daiteke.