Motela, paratuberkulosiari behin eta berriz lotzen zaion adjektibo bat da. Bilakaera moteleko gaixotasuna dela esaten da, sortzen duen mikobakterioak hazkunde motela baitu. Intzidentzia pixkanaka handituz joaten da, tantaz-tanta galera ekonomikoak sortuz. Hala ere, beti heltzen da une bat zeinetan galera ekonomikoak nabarmenak diren, eta orduan presa hasten da. Zuetako askok dakizuen bezala, paratuberkulosiak batez ere etxeko-hausnarkariei eragiten die. Eragiten duen lesioa enteritis granulomatosoa da, zeinu kliniko nabarmenenak ondokoak izanik: beherakoa, produkzioaren eta pisuaren galera, ile latza eta fase aurreratuenetan masailezur azpiko edemen sorrera. Gaixotasun hau ikertzen urte asko eman diren arren, oraindik alderdi asko daude sakontzeko eta berrikuspen gisa iazko urrian “Paratuberculosis. Organism, Disease, Control, 2nd Edition” (Editoreak: MA. Behr, K. Stevensen, V. Kapur, CABI International Publishers, ISBN-13: 9781789243413) izenburudun liburua argitaratu zen. Liburu hau idazten mundu osoko ikertzaileek parte hartu genuen eta 23 kapitulutan egituratu zen. Bertan, agente etiologikoarekin, patogeniarekin, diagnostikoarekin, epidemiologiarekin eta haren izaera zoonotikoarekin zerikusia zuten gaiak jorratzen dira. NEIKEReko mikobakterioen taldeari txertaketa bidezko kontrolari dagokion kapitulua esleitu zitzaigun. Gaixotasun hau kontrolatzeko txertoaren aldeko hautua egiten dugula jakina da. Erraza da literaturan apustu hori bermatzen duten lanak aurkitzea behatutako emaitza epidemiologiko eta ekonomikoetan oinarrituz, batez ere hausnarkari txikietan baina baita behi aziendatan ere. Hala ere, herrialde gehienetan debekatua edo oso mugatua dago txertoaren erabilera behi aziendatan. Debeku hori tuberkulosiaren ohiko diagnostikoarekin izan dezakeen interferentzian oinarritzen da, paratuberkulosiaren txertoa hartu duten animaliak eta tuberkulosiarekin infektatutakoak bereizi ezin izatearen beldurrez. Zalantzarik gabe bi puntuak kezkagarriak dira, baina frogatu ahal izan dugun bezala, badaude zailtasun horiek gainditzeko aukera ematen diguten diagnostiko-alternatibak.
Horrez gain, ikusi ahal izan dugu paratuberkulosiaren aurkako txerto inaktibatuak animalien immunitate-sisteman eragin ez-espezifikoa duela. Ondorioz, abere-taldearen osasun egoera hobetu eta horrekin batera, hildako abere kopurua murrizten du. Emaitza horien ondorioz, Vaccine-en onartu eta datozen egunetan argitaratuko den artikulu zientifiko bat egin da, blog honetan sarrera berri bat ekarriko duena.