Hegazti-gripea Orthomyxoviridae familiako birus batek eragindako gaixotasuna da. Mutazio eta aldakortasun genetiko handia duen ARN birusa izateak ondorio garrantzitsuak dakartza birusaren iraunkortasun eta bilakaeran, azkar aldatu eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna ematen baitio. Oso patogenoa den hegazti-gripea hegazti-ekoizpenaren sektoreko gaixotasun garrantzitsuenetako bat da, galera handiak eragiten ditu eta gainera, zenbait azpi-mota zoonotikoak dira. Honen adibide dira Europan atzemandako agerraldiak; izan ere, 2021eko urritik 2022ko maiatzaren 30era bitartean, 2.315 foku jakinarazi dira 26 herrialdetako etxeko hegaztietan, eta 2.432 foku 32 herrialdetako basa-hegaztietan. Identifikatutako kasu gehienak oso patogenoa den H5N1 azpi-motan sailkatu dira, eta kasu isolatuago batzuk H5N8 eta H5N2 azpi-motetan (Iturria: IZEV. https://www.izsvenezie.com/documents/reference-laboratories/avian-influenza/europe-updates/HPAI/2021-1/total-events.pdf).
Denboraldi honetan Espainian agertutako lehen fokua Lleidan antzeman zen urtarrilaren 4an, hilda agertutako 4 zisne eta zikoina batean H5N1 azpi-mota identifikatzean. Une horretatik maiatzaren 18ra, patogenotasun handiko H5N1ren 31 foku aditzera eman dira Andaluzia eta Gaztela eta Leongo etxeko hegaztietan eta 38 kasu hainbat tokitako basa-hegaztietan.
Euskadin, “Oso patogenoa den hegaztien influenza birusa zaintzeko programa” daukagu (VIGIA proiektua), NEIKERen egiten dena Foru Aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Programa hori 2005eko urrian hasi eta gaur egun ere mantentzearen helburua, zaintza mantentzea eta ager daitezkeen fokuak garaiz atzeman eta berehalako erantzuna emateko protokolo, baliabide eta diagnostiko-teknikak izatea da. Hala, aldez aurretik hautatutako ustiategietan baserriko hegaztien urteko zaintza aktiboa egiten da, eta gainerako ustiategietan zaintza pasiboa. Zaintza honek influenza birusarekin bateragarriak diren kasuen diagnostiko diferentziala eta hegaztiei eragiten dieten bestelako prozesuak barne hartzen ditu. Basa-hegaztien zaintza aktiboak eraztunak ipintzeko harrapatutako ale bizien laginak, traumatismoengatik edo gaixotasunekin bateragarriak ez diren beste arrazoi batzuengatik berreskuratze-zentroetan bizirik dauden aleak edota ehizatutako aleak barnebiltzen ditu. Zainketa pasiboak berriz, hildako aleak edo gaixotasun-sintomak dituzten animalien laginak batez ere. Hala, programa hasi zenetik, 4.781 basa-hegazti eta 4.828 etxeko hegazti jaso eta aztertu dira teknika molekularren (RT-qPCR) bidez influenza birusaren detekzioa egiteko, bai eta teknika serologikoen (ELISA) bidez birusaren aurkako antigorputzen detekzioa burutzeko. Lortutako emaitzen arabera, patogenotasun txikiko influenza birusak basa-hegaztien %1,9an hauteman dira, eta baserriko hegaztien %2,7k antigorputzak ditu influenza azpimota hauen aurrean. Patogenotasun handiko influenza birusari dagokionez, basa-hegaztietan egiten den zaintza pasiboari esker, aurtengo maiatzean H5N1ak eragindako infekzioa atzeman da Gipuzkoako bi tokitan aurkitutako bi putretan eta hauetako batekin harreman estua izatearren kutsatutako hirugarren batean. Emaitza hauek Algeteko albaitaritza laborategi nagusiak berretsi ditu.
Hala, gomendioen artean sartuko litzateke etxeko hegazti eta basa-hegaztien arteko kontaktua saihestea, hegazti-ustiategi zein autokontsumorako hegaztietan biosegurtasuna indartuz. Bestalde, kasu berriak garaiz atzemateko beharrezkoa da basa-hegazti eta etxeko hegaztien zaintza indartzea. Hala, zaintza areagotzeari esker, positiboa zen lehenengo putrea detektatu zenetik 132 basa-hegaztiren laginak aztertu ahal izan dira.