Joan den martxoaren 28an, NEIKEReko Animalia Osasun Sailak parte hartu zuten Iparraldeko Medikuntza Prebentibo eta Osasun Publikoko Elkarteak (SOCINORTE, www.socinorte.com) Gijonen antolatutako X. Adituaren Jardunaldian, “Bektoreek transmititutako gaixotasunen prebentzioan eta kontrolean aurrerapenak” lelopean.
Jardunaldian osasun publikoan adituak diren ehun bat profesional elkartu ziren. Une nabarmenetako bat Lucía García San Miguelen hitzaldia izan zen. Osasun Ministerioaren Alerten eta Larrialdien Koordinaziorako Zentroko (CCAES) ordezkariak bektoreek transmititutako gaixotasunen prebentziorako, zaintzarako eta kontrolerako Estatu mailako Plan berria aurkeztu zuen. Planak Osasun Bakarraren ikuspegi integrala hartzen du ardatz.
NEIKEReko gure lankide Aitor Cevidanesek penintsularen iparraldean tigre eltxoa (Aedes albopictus) eta sastraka-eltxo japoniarra (Aedes japonicus) bezalako bektore inbaditzaileen hedapenean eta bektore inbaditzaile berrien sarreraren zaintza indartu beharrari buruz ardaztutako aurkezpena eskaini zuen. Era berean, klima-aldaketaren testuinguruan, Krimea-Kongoko sukar hemorragikoaren birusa transmititzen duten Hyalomma generoko kaparrek duten gero eta garrantzi handiagoa ere jorratu zen. Bere aurkezpenean, URBANKLIMA eta PYRTICK proiektuen baitan egindako zenbait lan eta emaitza aurkeztu ziren; NEIKERrek proiektu horietan zaintza entomologikoko jarduerak gauzatzen ditu, hiri-inguruneetan lehenengoan eta mendialdekoetan bigarrenean.
Jardunaldiak Azucena Rodríguez-en beste ponentzia bat ere jaso zuen, Asturiasgo Unibertsitate Ospitale Zentraleko Gaixotasun Infekziosoen Unitatekoa. Giza arbobirusek eragindako gaixotasunen diagnostiko klinikoan jarri zuen arreta, susmoa pizteko seinaleak identifikatzea eta arreta-zirkuitu egokiak ezartzea garrantzitsua dela azpimarratuz.
Jardunaldi hau topagune egokia izan zen arlo ezberdinetako profesionalentzat, bektoreek transmititutako gaixotasunen prebentzio eta kontrolerako estrategia partekatu eta egokituak lantzeko, aldaketa globalaren erronkei aurre egiteko.