Albaitaritza Diagnostikoko Espezialisten Elkartearen (AVEDILA) XXVI. Sinposioan izan gara, Elxen, azaroaren 19tik 21era. Urteroko hitzordu honetan, abeltzaintzako laborategietako, zentro teknologikoetako, unibertsitateetako eta enpresetako profesionalen artean emaitzak eta ezagutzak partekatzen dira. Oraingoan, NEIKEReko Animalien Osasun Saila hitzaldi bat ematera gonbidatu zuten, eta honetaz gain, honako proiektuen esparruan garatutako bi lanen emaitzak aurkeztu ziren, “Erantzun immunitarioa eta trebatutako immunitatea paratuberkulosiaren hasierako faseetan (PARAINVAX- PID2021-125807OB-C22)” eta “Hegazti-gripearen birusarekin berez kutsatuta dauden basa-hegaztien biromaren eta bakteriomaren azterketa (INFLUOMA- PID2020-114060R-C31)”, biak Estatuko Ikerketa Agentziak finantzatutako proiektuak izanik.
Emandako hitzaldiaren izenburua “Txertaketa bidezko mikobakteriosien kontrola eta horrek diagnostikoan duen eragina” izan zen. Aurkezpen honetan, NEIKERek tuberkulosiaren aurrean garatutako txerto-prototipoek izan dezaketen eragina aztertu zen, eta baita Silirum® txertoarekin egindako landa-saiakuntzaren emaitzak ere, behien tuberkulosiaren diagnostikoan, zein paratuberkulosiaren diagnostikoan. Une honetan dauden prototipoak erabiliz laborategiko animalietan lortutako emaitzen arabera, prototipoek babesa ematen dutela eta tuberkulosiaren diagnostikoan eragiten ez dutela izan ziren ondorio nagusiak.
Aurkeztutako lehen lanaren izenburua “Paratuberkulosiaren aurkako aho-txertoaren prototipoak ez du oztopatzen behi-tuberkulosiaren diagnostikoa eta areagotu egiten du fagozitoen jarduera ahuntz-eredu batean” izan da. Lan honetan planteatutako helburu nagusia, paratuberkulosiaren aurkako txerto-prototipo bat aurkitzea zen, txerto honek gutxienez egungo txerto komertzialen babes-maila bera mantenduko zuelarik baina tuberkulosiaren diagnostikoarekiko interferentzia saihestuz. Sinposio honetan prototipo desberdinen baheketa-proben emaitzak aurkeztu ziren, bai eta hautatutako prototipoarekin lortutako ahuntz-espeziearen emaitzak ere, aplikazioa aho-bidezkoa edo intradermikoa zen kontuan hartuta. Aho-bidez emandako Vk1C izeneko prototipoarekin lortutako emaitzek erakusten dute fagozitoen aktibazioa intradermikoaren kasuan gertatzen den antzera ematen zela, behien tuberkulosia desagerrarazteko programa ofizialetan erabili ohi den errutinazko diagnostikoa arriskuan jarri gabe.
Bigarren lana, “Patogenotasun handiko H5N1 influenza birusarekin kutsatutako zangaren (Morus bassanus) hesteetako mikrobiotaren karakterizazioa” izenekoa, azken urtean H5N1 patogenizitate handiko hegazti gripearen birusaren infekzioak gehien erasandako itsas hegaztien espezieetako baten mikrobiotaren azterketan oinarritu zen. Komunikazio honetan, zangan ugarienak diren filumak deskribatzen dira, bai eta patogenotasun handiko H5N1arekin infektatuta zein infektatu gabe dauden hegaztietan ikusitako desberdintasunak ere. Zangaren mikrobiotan aldakortasun handia dagoela egiaztatu da, bai eta heterogeneotasun handia ere aztertutako taldeen barruan. Aztertutako faktoreen arabera, H5N1 bidezko infekzioa barne, ez da desberdintasun estatistikoki adierazgarririk ikusi mikrobiotan, nahiz eta bakterio batzuen ugaritasun erlatiboan joera batzuk hauteman daitezkeen. Zangan identifikatutako mikrobiota digestiboaren interesa eta honek zangaren osasun-egoeran duen papera zehazteko azterketa gehiago beharrezkoak dira.
Amaiera ekitaldian AVEDILA 24 sinposioa aurkeztu zen, zeina Bilbon egingo den azaroaren 13tik 14ra bitartean, eta NEIKERek antolatuko duen. Denon zain gaude!