NEIKER-ek CLIMOS proiektuarekin lankidetzan dihardu

CLIMOS (Climate Monitoring and Decision Support Framework for Sand Fly-borne Diseases Detection and Mitigation, project number: 101057690 – https://climos-project.eu/) proiektu europarraren helburua klimak eta klima-aldaketak eragindako eta flebotomoek transmititutako patogeno zoonotikoen agerpena, transmisioa eta hedapena arintzen laguntzea da. Proiektu honetan 29 entitatetako ikertzaileek parte hartzen dute, besteak beste, Eduardo Berriatuak, NEIKEReko gure lankide ohiak, gaur egun Murtziako Unibertsitateko Albaitaritza Fakultatean dagoenak. Berriatua koordinatzaile gisa ari da bi urtez (2023-2024) egingo diren flebotomoen laginketetan. Apiriletik aurrera hasi gara NEIKER-etik laginketa horietan parte hartzen.
Flebotomoak ohitura hematofagoak dituzten diptero txiki batzuk dira. Hauen ziztadaren bidez Leishmania spp. protozooak transmititzen dira, leishmaniasi deritzon gaixotasunaren eragile direnak. Gaitz hau pertsona eta animaliei eragiten dien zoonosia da, eta gaixotasun endemikoa da eremu tropikal zein epeletan, eremu mediterraneoan barne. Munduan 800 flebotomo-espezie baino gehiago deskribatu dira. Horietako 25 Europan identifikatu dira eta batez ere herrialde beroenetan (Mediterraneo aldean) daude banatuta. Hala ere, flebotomo hauen presentzia ageri da gero eta iparralderago dauden zonetan.
Europan dauden flebotomo-espezieetako bi, Phlebotomus perniciosus eta P. ariasi, Leishmania infantum-en bektoreak dira eta erraietako leishmaniasia eragiten dute, zeina Mendebaldeko Mediterraneoko herrialdeetan banatua dagoen. Afrikako iparralde eta Ekialde Ertainean ageri diren bi espeziek, P. papatasi eta P. sergenti, L. tropica eta L. major-en bektoreak dira, zeintzuek larruazaleko leishmaniasia eragiten duten. EAEn, Iberiar Penintsularen iparraldean kokatua egonik, diptero horiek garatzeko baldintza klimatologiko egokienak Arabako hegoaldean ageri dira. Hain zuzen, 2002. urtean egindako azterlan txiki batean, eremu horretan zenbait txakur-leishmaniasi kasu agertu ondoren, 2 flebotomo-espezie identifikatu genituen: Sergentomya minuta eta P. perniciosus (erraietako leishmaniasiaren bektorea).
Blog honetako hainbat albistetan aipatu izan dugun bezala, NEIKERen badaramatzagu urte batzuk EAEko hainbat ingurutan zer eltxo-espezie dauden aztertzen. Hala ere, ez daukagu ia flebotomoei buruzko informaziorik. CLIMOS proiektuarekiko lankidetzari esker, ezagutza hori hobetu ahal izango dugu, eta azken urteotan gertatzen ari den tenperatura-igoerak bektore horiek zabaltzeko ingurumen-baldintza egokiak sortzen dituen egiaztatu ahal izango dugu.

Argazkien eragilea: Dr. José Risueño Iranzo (Albaitaritza Fakultatea, Murciako Unibertsitatea)

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *