Eltxoak hirietako berdeguneetan eta hilerrietan

NEIKEReko Animalia Osasun Sailetik bektore artropodoei lotutako arazoei eta horiek animalien osasunean eta osasun publikoan duten eraginari irtenbideak bilatzeko konpromisoa dugu. Klima-aldaketak, urbanizazioak eta paisaiaren antropizazioak eragina izan dute mundu osoko eltxo-komunitatearen osaeran eta ugaritasunean. Urban Klima 2050 (EU-LIFE 18 IPC/ES/000001) proiektuaren esparruan hiri-eremuetako eltxoen espezieak eta dinamikak ezagutzeko egiten ari garen hainbat azterlanen fruitua, argitaratu berri dugun “Mosquitoes in urban green spaces and cemeteries in northern Spain” izeneko artikulua da.

Azterlan hori EAEko hiru lurralde historikoetako hiriburuetan egin zen, espezieen osaera, ugaritasuna, populazioen dinamika, larba-habitatak eta eltxoen ostalarien lehentasunak hiriko berdeguneetan eta hilerrietan ikertzeko asmoz. CDC tranpak erabiliz eta larbak bilduz 2019an eta 2020an, 21 eltxo espezie identifikatu genituen guztira, eta Culex pipiens s.l. izan zen ugariena eta hedatuena. Gainera, espezie horren barruan hiru ekoforma bereizi ziren, eta Cx. pipiens pipiens izan zen ohikoena bi eremu motetan.

Lortutako emaitzek erakutsi zuten, halaber, espezieen aberastasuna handiagoa zela Gasteizen, gero Donostian eta azkenik Bilbon. Eltxoen ugaritasuna nabarmen handiagoa izan zen berdeguneetan hilerrietan baino, eta Donostian eta Bilbon, Gasteizen baino. Ikusi zen larbak hazteko lekuetan Cx. pipiens s.l. zegoela, bereziki urmael erdi-artifizialetan, hainbat ur-edukiontzitan (pneumatikoak eta kuboak) eta eremu berdeetako drainatze-sistemetan. Hilerrietan, larba gehienak loreontzietan eta hileta-kutxetan aurkitu ziren. Urtaroen arabera, hainbat hiritako eltxoen ugaritasunak gora egin zuen nabarmen uztailean edo abuztuan. Gainera, odol arrastoak zituzten aleen analisiak agerian utzi zuen Cx. pipiens s.l. zenbait hirietako hegazti-espezie arruntez elikatzen zela.

Azterlan mota hauek funtsezkoak dira gure hiri-ingurunean gaixotasunen transmisioan inplikatutako eltxoak ezagutzeko eta horiei lotutako arriskuak ekiditeko kudeaketa-estrategia iraunkorrak eta espezifikoak diseinatuz.

Artikulu osoa esteka honen bidez eskura daiteke. 

Argazkia: Animali Osasun saila

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *