Lau artaldetan Coxiella burnetii infekzioaren jarraipena 4 erditze-garaietan zehar

Lau erditze-garaietan (2015-2019) zehar, era naturalean Coxiella burnetii-rekin infektatu diren lau artalderen jarraipena ikertu da. Aukeraketa egin zen garaian, artaldeek infekzio aktiboa zuten, oraindik animalia batzuk esnetan bakterioa iraizten jarraitzen (PCR positiboa) baitzuten eta arkasten artean seroprebalentzia altuak antzeman ziren. Ondoz ondoko lau erditze garaietan 40 ardiren eta erditu berriak ziren 40 arkasten gorotz, esne eta baginako fluxu laginak jaso ziren. Horrez gain, ustialekuaren ingurunean aerosol eta hauts laginak ere bildu ziren, C. burnetii-ren DNAren presentzia eta bakterioaren bideragarritasun ikerketak egiteko. Denbora errealeko PCR analisiek lau urte horietan zehar orokorrean animalien C. burnetii-ren infekzioaren etengabeko beherakada erakutsi dute, artaldearen maneiu faktoreei lotutako arkasten berrinfekzioen ondoriozko gorakadak salbuespen. C. burnetii-ren gorotz-iraizketaren eta ustialekuan bildutako hautsetan hautemandako bakterio-kargaren artean lotura esanguratsua aurkitu zen. Bestalde, baginako fluxuetako eskrezioak, ukuilu barruan jasotako aerosoletan C. burnetii-ren detekzioan eragina zuela ondorioztatu zen. Ustialekuaren ingurunean jasotako hautsen eta ukuiluaren barnean eta kanpoan jasotako aerosolen kontaminazioak beherakadako joera izan zuen lau urte horietan. Laugarren erditze-garaian ukuiluaren ingurunean bakterio-karga apalak eta animalien infekzio tasa baxuak aurkitu baziren ere, hautsetan C. burnetii bideragarriak antzeman ziren, bioseguritate eta kontrol neurri eraginkorrak ezarri ezean 4 urte baina gehiagoan infekzioak aktibo jarraitu dezakeela frogatuz.
Informazioa gehiago nahi izanez gero, ikerketa sarbide askeko aldizkari batean argitaratua dago: https://www.frontiersin.org/articles/10.3389/fvets.2020.00352/full

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *