Kulikoide-espezieak eta hauen elikadura-lehentasunak Salburua eta Urdaibaiko hezeguneetan

Culicoides generoko diptero hematofagoek zeregin garrantzitsua dute mihi urdinaren birusa eta Schmallenberg birusaren transmisioan etxe- eta basa-hausnarkarietan. Espezie ornitofiloek ere hegazti parasitoak transmititzen dituzte, hala nola Plasmodium, Haemoproteus eta Leucocytozoon. Hala ere, kulikoideak ez dira giza osasunerako mehatxu. Orain arte, hobeto karakterizatu dira abeltzaintza-inguruneetako kulikoide-espezieak. Horregatik, hobeto ezagutzen dira Avaritia azpigeneroko (Culicoides obsoletus taldea) eta Culicoides azpigeneroko (Culicoides pulicaris taldea) kulikoideen banaketa eta elikadura-lehentasunak, abereak ibiltzen diren inguruneetan. Duela gutxi, Salburua eta Urdaibaiko hezeguneetako diptero-espezieei buruzko lan bat egin dugu, leku horiek hematofagoak diren intsektuentzako hazkuntza-leku bikainak baitira. Helburua kulikoide, kulizido eta intereseko beste diptero batzuen espezie-konposizioa aztertzea izan da, baita horien ugaritasuna, populazioen dinamika eta elikadura-lehentasunak ere, hau da, zein espezietan elikatzen diren.
Kulikoideei dagokienez, 28 espezietako 4973 espezimen harrapatu ziren. Horien artean, gure eremuan lehen aldiz aurkitutako bi espezie daude, eta, beraz, Euskadin deskribatutako Kulikoide espezieen kopurua 54ra igotzen da. Ugaritasunak ekainean eta uztaila hasieran jo zuen goia, harrapaketen %80a baino gehiago hartzen zuten bost espezierekin: Culicoides alazanicus (%24,9), Culicoides griseidorsum (%20,3), Culicoides poperinghensis (%16,2), Culicoides kibunensis (%10,7) eta Culicoides clastrieri (%9,6). Elikadura-iturria metodo molekularren bidez aztertzeak arrakasta izan zuen elikatutako emeen %75ean, eta 17 ornodun espeziez (3 ugaztun eta 14 hegazti) elikatu zirela adierazi zuen. Aztertutako kulikoide-espezie gehienek ornitofiloak direla erakutsi zuten, C. obsoletus (behi-aziendaz elikatua), C. griseidorsum (oreinaz eta basurdeaz) eta C. poperinghensis (oreinaz eta basurdeaz) izan ezik. Elikadura-iturri askok adierazten dute basa-hegaztiek eta ugaztunek (oreinak eta basurdeak, adibidez) garrantzi handia izan dezaketela, horrelako ingurune naturaletan ibil daitezkeen patogeno batzuen gordailu/ostalari anplifikatzaile gisa. Gainera, ostalari hauek, udaberriaren amaieran eta udaren hasieran ziztadarekiko esposizio handiagoa dute.

Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, argitaratu dugun artikulua esteka honetan deskarga daiteke:
https://doi.org/10.1186/s13071-022-05297-5


Argazkia: NEIKER-Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *