EAEn, 19 kapar-espeziek beren zikloa naturan garatzeko baldintza egokiak dituzte. Artropodo horiek parasito hematofagoak dira eta estadioaren (larba, ninfa edo heldua) arabera, animalia handi eta txikiez elikatzen dira. Odola irensten dute eta ziztadaren bidez, agente patogeno ugari inokulatu ditzakete: birusak, bakterioak, parasitoak edo onddoak. Beraz kaparrak, eltxoekin batera, gizakien eta animalien osasunean garrantzi handia duten artropodoak dira. EAEko landaredian elikatzeko ostalari baten zain dauden akain-espezieen artean, ugaritasunagatik Ixodes ricinus espeziea nabarmentzen da. Kapar espezie hau ia urte osoan aktibo dago, baina batez ere udaberrian, udan eta udazkenean dihardu.
2014. urtean ikerlan bat argitaratu zen (Estrada et al., 2014), Ixodes inopinatus espeziea deskribatuz. Haren xehetasun morfologikoak I. ricinus espeziearen antzekoak dira, baina bereziki ninfetan eta helduetan ezberdintasun batzuk aurki daitezke, gainera analisi molekularretan ere aldeak aurkitu dira. Espainian ez ezik, Afrika iparraldeko herrialdeetan, Portugalen eta Alemanian ere aurkitu daiteke. EAEn ere egon daitekeen galdetu diogu geure buruari. Izan ere, Asturiasen SERIDA ikerketa-zentroko lankideak buru dituen lan berri batean Ixodes inopinatus aurkitu da, I. ricinus-ekin alderatuta ehuneko txiki batean izan den arren. Horregatik uste dugu I. ricinus-en espezie sinpatriko hau, gure inguruan ere izan genezakeela; beraz, gure hurrengo laginketetan adi egongo gara. Hala ere, oraingoz ez dakigu espezie horrek I. ricinus-ek agente patogenoen bektore gisa duen potentzial bera duen.
Artikuluari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hona hemen esteka: https://doi.org/10.1016/j.ttbdis.2022.101961