Esperimentazio-animalien erabilera minimizatu behar da, bai arrazoi etikoengatik, bai legalengatik ere. Horretarako, nazioarteko 3R-ekin (murriztu, ordeztu, findu) bat datozen metodo alternatiboak bilatu behar dira. Gainera, hausnarkari-ereduekin tratamenduak garatu eta ebaluatzeko azterketek kostu handia dute, eta berariazko baldintza batzuk betetzen dituzten instalazioak beharrezkoak dira.
Animalietatik isolatutako zelula-lerroetan edo zelula primarioetan oinarritutako in vitro alternatibek informazioa eskaintzen dute, baina mugak ere badituzte, askotan zelula-mota bakarrean oinarritzen baitira, eta, ondorioz ez dute zelularteko elkarrekintza ez eta ehunen konplexutasuna kontuan hartzen. Honen aurrean, ehunen doitasun-ebaketa (PCTS) etorkizun handiko metodoa da, izan ere, hobeto imitatu ditzake ostalari egokitik abiatuta hazitako ehunen baldintzak. Hesteen doitasun-ebakiak (PCIS) ex vivo eredu erabilgarriak dira, bai farmakoen garraioa eta metabolismoa aztertzeko, bai ostalariaren eta patogenoaren arteko interakzioak ikertzeko; hala ere, azken aplikazio hori ez da asko garatu orain arte bakterio-infekzioetarako. Gainera, ez dago baserriko abereentzat garatutako sistemarik. Arrazoi horiengatik, Maitane Mujika, NEIKEReko Animalien Osasuna Saileko doktoretza aurreko ikertzailea, Londresko Royal Veterinary Collegen (RVC) egonaldia egiten ari da Dirk Werling doktorearen laborategian (https://www.rvc.ac.uk/research/facilities-and-resources/molecular-immunology-group-laboratory), kontsumora zuzenduta dauden animalien laginetatik abiatuz behien heste-traktuko PCTSak garatzeko.
Etorkizun handiko beste alternatiba bat organoa-txip-batean (OoC) izenekoa da. Sistema hauek ehun naturalak edo laborategian miniaturan sintetizatutako ehunak dituzte barnean, txip mikrofluidikoen barruan haziak, eta organoideen mugei aurre egiteko aukera ematen dute (zelula amatatik abiatuta beste 3D hazkuntza sistema bat), fisiologia hobeto imitatzen baitute, ehunen egitura eta funtzioa mantenduz.
Bi teknika horiei esker, hesteetako gaixotasun infekziosoak ikertu ahal izango dira. Teknika hauek erabiliko ditugu, lehenik, paratuberkulosia aztertzeko, eta, ondoren, edozein animalia-espezietan gaixotasuna eragiten duten beste infekzio bakteriano edo biriko batzuk aztertzeko. Gainera, teknologia horiek beste ehun mota batzuetarako ere egokitu daitezke.
Emaitza interesgarriak lortzea espero dugu, bai eta hauek hurrengo blogeko sarreratan partekatu ahal izatea ere.
Ikerketa hau “Trebatutako immunitatea eta immunitate erantzuna paratuberkulosiaren hasierako faseetan: txertaketa eta infekzioa – PARAINVAX” (PID 2021–125807OB-C22) (IP: Natalia Elguezabal) proiektuaren parte da, AEIk finantzatua. Maitane Mujikak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Azpiegitura Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak finantzatutako doktoretza aurreko kontratu bat du.
Argazkiak: NEIKEReko Animali Osasun Saila eta Royal Veterinary College