Hegaztien sektoreari hegazti-influentzaren eraginak galera handiak dakarzkio. EFSAren datuen arabera, azken urtean ekoizpenerako hegaztietan patogenotasun handiko hegazti-gripearen 1.298 agerraldi hauteman dira, 22,9 milioi hegaztiri eraginez. Horren ondorioz, Europan oso patogenoa den hegazti-gripearen izurrite handienetako bat sortu da. Lurraldeetan birusaren sarrerak hegazti migratzaileei lotuta egon ohi dira batez ere; beraz, ekoizpen-lekuetan biosegurtasun-neurriak ezartzea gomendagarria da. Gainera, gerta daitezkeen agerraldien detekzio goiztiarrerako zainketa-programak izatea ezinbestekoa da, horrela haien kontrola erraztu ahal izateko. Hegazti guztiek ez dute hegazti-gripearen aurrean sentikortasun bera, eta gutxi ezagutzen dira oraindik birusarekiko erresistentzia-/sentikortasun-mekanismoak. Indibiduo baten bakterio- eta birus-komunitateen osaerak, zenbait mikroorganismoren ugaltzean funtsezko eragina du; horietako batzuk patogenoak dira hegaztientzat eta baita zoonotikoak (pertsonei eragiten diete) ere. Hegazti-gripearen birusak kutsatutako hegaztiak neurri batean Salmonella spp. edo Mycobacterium spp. (koinfekzioak) bezalako agenteekin infektatuta egon daitezkeela frogatuta dago. Horregatik, beharrezkoa da influentza birusaren patogeniari buruzko ezagutza handitzea, bai eta infekzioaren bilakaeran hegaztiek duten bakteriomak (bakterio-multzoa) eta biromak (birus-multzoa) duten zereginari buruzkoa ere. Gai horretan sakondu ahal izateko, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Gizartearen Erronkei Bideratutako I+G+B-ren Estatuko Programak, INFLUOMA proiektua onartu du. NEIKERek koordinatzen du, gainera Kataluniako IRTA-CReSA eta Gaztelako Unibertsitateko SaBio-IREC taldeek ere parte hartzen dute.
NEIKERek INFLUOMA proiektuaren barruan zuzentzen duen azpiproiektuaren izenburua hurrengoa da: “Hegazti-influentza birusak berez kutsatutako hegazti basatien biromaren eta bakteriomaren azterketa” (PID2020-114060RR-C31). Helburu nagusia, ikerketa metagenomikoaren bidez, hegazti basatietan influentzaren eta beste birus, arnas- eta digestio-bakterioen arteko koinfekzioak karakterizatzea da. Interes epidemiologiko handiko espezie basatien mikrobiota normala deskribatuko da; basahatearena, antxeta mokogorriarena, birigarro arruntarena, arabazozo beltzarena eta txolarre arruntarena esaterako. Gainera, animalientzat edo pertsonentzat hegaztien influentzaren birusarekin infektatzeak, beste bakterio edo birus patogenoekin koinfektatzeko aukera areagotzen duen zehazten saiatuko da. Mikrobiomaren inguruan lortutako emaitzak aztertutako espezieen migrazio-mugimenduekin eta habitatarekin lotuko dira. Potentzial pandemikoa izan dezaketen azpimota zoonotikoak agertzeko arriskuagatik, sortutako emaitzak hegaztien industrian, basa bizitzaren kontserbazioan eta osasun publikoan erabiliko dira.