Apirilaren 15 eta 18a bitartean, “Animal and Plant Health Agency (APHA)”-k, hiru urtetik behin egiten den 10th International Symposium on Avian Influenza delakoa antolatu zuen Brighton hirian, Erresuma Batua. Bertan, hegazti-gripean adituak diren unibertsitate, gobernu, ikerketa zentro, agentzia erregulatzaile, albaitaritzarako produktuen industria, hegaztien ekoizpen sektore eta mundu guztiko albaitari eta mediku erakundeetako 300 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Hegazti-gripeak azkeneko 12 hilabeteetan mundu guztian izan duen hedapena ikusita, sinposio hau une egokienean antolatu dela esan daiteke. Adituei euren lanak aurkezteko ez ezik, ikerketen datuak eztabaidatzeko, ideiak partekatzeko eta beste herrialde batzuetako kideekin harremanetan jartzeko ere balio izan die. Egitaraua hegazti-gripearen esparruan, animalia osasunean bai etxe-abereetan zein basa-animalietan eta giza-osasunean berebiziko garrantzia duten 15 saiotan banatuta egon da. Saio hauek mundu mailako influentza agerraldien eguneratzeari, zaintzari, epidemiologia eta ekologiari, transmisio eta patologiari eta txertaketa eta diagnostikoari egin diote erreferentzia.
NEIKEReko Animalia Osasun Saileko Olalla Torrontegui eta Marta Barral bertan egon ziren eta “Natural infection with avian influenza virus in wild waterbirds increases the possibility of Mycobacterium spp. and Salmonella spp. detection” izenburua duen posterra aurkeztu zuten.
Hegazti basatiek sarritan eragile infekziosoak izaten dituzte eta batzuek osasun arrisku esanguratsuak sortzeko ahalmena dute etxeko espezieei transmititzeko gai direlako eta, zoonotikoak diren kasuan, osasun publikorako arazo bihurtu daitezkeelako. Lan honen helburua zera izan da, hegazti-gripearen eraginez sorturiko infekzio naturala (VIA) beste mikroorganismo batzuek antzemateko aukera handiagoekin erlazionatuta dagoen ikertzea. Horrela, VIA-rekiko positibo izan ziren 73 lagin (gorozkiak eta kloakako kotoi-zotzak) aukeratu ziren eta baita ezaugarri antzekoak zituzten 73 lagin negatibo aztertu ziren, Mendebaldeko Nilo birusaren, avulavirus aviar 1, Salmonella spp., Yersinia enterocolitica, Y. pseudotuberculosis, Mycobacterium aviumen subespezieak, M. tuberculosis konplexua eta Mycobacterium spp antzemateko. VIA-rekiko positiboak ziren laginen %48an batera gertatzen diren infekzioak antzeman ziren. Aldiz, lagin negatiboetan %23.3an beste eragile batzuk antzeman ziren. Mycobacterium spp. eta Salmonella spp-ren detekzioa VIA-rekiko positiboak izan ziren laginetan adierazgarriagoa izan zen. VIA-ren detekziorako hegazti urtarrekin lan egiteak, beste eragile patogenoak ikertzeko aukera ematen du, non batzuek interes zoonotikoa duten. Dena dela, naturan, patogeno hauen ziklo epidemiologikoan parte hartzen duten faktoreak ikertzen jarraitu behar da.