Latxa ardiaren estaltze eta ernaldi sasoi betean gaudenez, arreta berezia ezarri behar zaio artaldeen ekonomiarentzat hain garrantzitsua den garai emankor honi. Aste honetan, SEOC biltzarrean, zeina Salamancan ospatuko den irailaren 20tik 22ra, hausnarkari txikietan gertatutako abortu 2 kasu azaltzen dituzten 2 txosten aurkeztuko ditugu. Hauetako baten, Listeria ivanoviik artalde batean eragindako abortu kasu baten bai laborategiko emaitzak zein emaitza epidemiologikoak erakutsiko ditugu. Abortuak bi urtez jarraian gertatu ziren, lehendabiziko urtean, bi edo erditze gehiago izan zituzten animalietan eraginez (%9.4), bigarrenean, aldiz, adin guztietako taldeetan, arkastak barne, eragin zuen (%6.8). Bi urteetan ustiategiko albaitariak bidalitako laginen laborategiko analisia burutu ostean, fetu eta plazenten zati handi bateko, plazenta, giltzurrun eta abomasoko edukitik L. ivanovii kultur puru baten isolatu zen. Bigarren urtean, inkesta epidemiologiko bat burutu zen eta analisiak, bai bazka-laginetara, zein askako ur laginetara ere hedatu ziren, bi motatako laginak bakteria honen presentziara negatiboak izanik. Ardi eta arkasten hasierako biltzeetatik harturiko deposituko esnean buruturiko analisiek, esnean agertu daitezkeen animalia iraizleen presentzia baztertu zuten. Alabaina, arkasta taldearen gorozkietan L. ivanoviiren iraizleak diren animalien presentzia antzeman zen. Egoera txarrean zegoen bazka, abortu agerraldiaren arrazoi nagusia izan zitekeela identifikatu zen. L. ivanoviik eragindako infekzioa, ardi abortuen diagnostiko bereizgarrian kontuan izan behar da. Ustiategiko albaitariak berebiziko papera jokatzen du, kasu honetan ikus daitekeen bezalaxe, arazoa modu bizkor eta eraginkor baten konpontzeko.
Listeria monocytogenes eta Listeria ivanovii, Listeria generoko espezie patogenoenak dira hausnarkari etxetiarrentzat. Lehenengoak urduritasuna eragiten du eta L. ivanovii berriz, abortuen eragilea da. Ingurune naturalean, nonahiko bakteria Gram positiboak dira, zeinak arrunki, lurzoruko azaletik, larre eta deskonposizioan dagoen landareditik isolatzen diren, bertan bakterio saprofito moduan bizi direlako. Hortaz, maiz, abereen elikadurarako erabiltzen diren bazka eta kontzentratuak kutsatu ditzakete. Kontuan hartu beharrekoa da Listeria spp.k eragindako infekzioa, animalia jatorria duen eta kutsaturik dauden elikagaiak kontsumituz gero, pertsonetara transmititu daitekeela, arren L. ivanoviik inmunodeprimiturik dauden gizabanakoengan eragiten du gehienbat.
Hurrengo astean bigarren kasuaren laburpena kontatuko dizuegu …