Campylobacter elikadura bidez transmititzen den patogeno zoonotiko garrantzitsu bat da, kezka eragiten duelarik zenbait antimikrobiarrekiko bereziki fluorokinolonekiko eta makrolidoekiko erresistentzia handitu egin delako. Antimikrobianoekiko erresistentziaren hedapenak dakarren mehatxu gero eta handiagoari erantzunez, «Osasun bakar bat» ikuspegia erabili dugu gizakien kasu klinikoetatik, animalia osasuntsuetatik (hausnarkariak, txerriak, oilaskoak) eta hegazti-jatorriko elikagaietatik datozen C. jejuni eta C. coli multirresistenteen isolatuak aztertu eta alderatzeko. Laginak bi ospitaletan, lau hiltegitan eta Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzan jaso ziren denbora tarte berean (nagusiki 2021-2022). Txerri-jatorriko laginetan C. coli bakarrik isolatu zen, gainerako laginetan berriz,C. jejuni eta C. coli . Iturri desberdinetatik (83 C. jejuni eta 71 C. coli) lortutako isolatuen genoma osoaren hautaketa bat eginez, gehienak ziprofloxazino eta/edo eritromizinarekiko erresistenteak, Oxford-Nanopore Technologies-en zati luzeen sekuentziazio teknologia erabiliz sekuentziatu ziren haien dibertsitate genomikoa, erlazio filogenomikoak eta erresistentziaren determinatzaile genetikoen banaketa (GDR) aztertzeko.
Emaitzek aniztasun genomiko handia erakutsi zuten, bai C. jejuni-n, bai C. coli-n. Analisi filogenomikoak genoma zentralean (core) oinarritutako multzokatzeak neurri handi batean MLST genotipoekin bat zetozela frogatu zuen, eta giza jatorriko isolatuek lotura estua zutela elikagaietatik eta animalietatik zetozenekin. Hala ere, genoma osagarria osatzen duten geneen edukiak, isolatu batzuk jatorriaren arabera bereizten zituen. Hori horrela izan zen C. jejuni-ren genotipo batzuentzat (CC-22 eta CC-48 konplexu klonalak) eta C. coli-rentzat oro har, non giza isolatuen genoma osagarria, hausnarkarien eta txerrien laginena baino, hegazti-jatorriko isolatuenaren (elikagaiak eta animaliak) antzekoagoa zela ikusi baitzen. Emaitza horiek genoma osagarriak nitxora egokitzeko duen garrantzia nabarmentzen dute eta aztertutako populazioaren barruan, hegazti-iturriek hausnarkarik edo txerrien iturriek baino C. coli-k eragindako giza infekzioen arrisku handiagoa izan dezaketela iradokitzen dute. C. jejuni-ren kasuan, berriz, arriskua genotipoiaren araberakoa izan liteke. Erresistentziei dagokienez, identifikatutako GDR gehienak jatorri desberdinetako isolatuetan zeuden, eta ez zen ageriko loturarik ikusi erresistentziaren eta genotipoaren artean. Azterketa horrek, lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat iturritatik datozen Campylobacter erresistenteen isolatuen dibertsitate genetikoaren ikuspegi orokorra eman du. Osasun Publikoan interes handiena duten antibiotiko-erresistentziak dituzten bakterioen zainketa integratuko sare bat sortzeko eta haien detekzio eta analisi epidemiologikoari «osasun bakar baten» ikuspegitik ekiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan egin den proba pilotu bat da.
Lan hau NEIKEReko Animalia Osasun Sailaren, Donostia eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleen eta Gipuzkoako Osasun Publikoko Laborategiaren arteko lankidetzaren emaitza da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak (Osasun Ikerketa eta Garapen Proiektuetarako 2019ko laguntzak, 2019111038 proiektua) eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantzatu dute (URAGAN proiektua 21-00012). Emaitza zehatzak Frontiers in Microbiology aldizkarian argitaratu berri den artikuluan daude eskuragarri.