Animalien tuberkulosia gaixotasun zoonotikoa da, M. tuberculosis konplexuko mikobakterioek sortua. Eragin handia du osasunean eta ekonomian, eta oso modu oldarkorrean eragiten die ahuntzei. Ahuntz-tuberkulosia mundu osoan banatuta dagoen arren, behi-tuberkulosiarekin alderatuta, askoz txikiagoa da hura kontrolatzeko ahalegina. Behi-tuberkulosia errotik kentzeko Estatuko programak ahuntz-aziendaren artaldeak aztertzen ditu, behi-azienda artaldeekin batera bizi badira edo harreman epidemiologikoa badute. Hala ere, autonomia-erkidego batzuek ahuntz-aziendaren kontrolerako berariazko planak ezarri dituzte arazoari aurre egiteko, behi-aziendarekin interakziorik izan edo ez.
Hiru urteko proiektu koordinatu honetan, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketa-erronkak 2019 deialdian lortutako funtsekin finantzatuta, VISAVET-UCM, IRTA-CReSA eta NEIKERek ahuntz-tuberkulosiaren gai batzuk ezagutzen jarraitu nahi dute tuberkulosia kontrolatu eta errotik kendu ahal izateko, eta, zeharka, erlazionatuta dauden beste animalia-espezie batzuetan ere kontrolatzeko. Proiektuak hurrengo ikerketak biltzen ditu: (1) eskualdeko programarik zabalenetarikoari buruzko azterketak eta haren bilakaera, (2) egungo diagnosiko-teknikak hobetu eta ahuntz-espeziera egokitzea; tuberkulosiaren diagnostikoan ingurumeneko zenbait mikobakteriok eta beste mikroorganismo batzuek eragiten dituzten interferentziak aztertzea; txertoak erabiltzea, bai laborategiko baldintzetan eta bai landan probak eginda, eta (3) txerto-hautagaiak eta autobakuna inaktibatu batzuk garatzea eta ebaluatzea. NEIKERek zuzentzen duen azpiproiektua (PID2019-105155 RB-C33) diagnostikoarekin (2) eta txertaketarekin (3) lotutako helburuen garapenean oinarrituko da. Ikerketen ondorioz, egungo erauzte-programei eta Estatuko etorkizuneko programa bati aplika dakizkiekeen ezagutzak eta tresnak sortzea espero da.