Urdail-hesteetako traktuak, heste-mikrobiota bezela ezaguna den mikrobio populazio ugari du beregan. Ostalariaren funtzio desberdinetan aski garrantzitsua denez (fisiologikoak, matabolikoak, inmunologikoak, elikagai-asimilazioa) beste organutzat hartzen da sarri. Heste-mikrobiotaren modulazioari esker, ostalariaren osasuna hobetu daitekeela frogatu dute hainbat ikerketek, hau dela eta, geroz eta lan gehiago, bere konposaketaren ezaugarrietan oinarritzen dira. Hau bereziki animali-ekoizpenean, produkzio etekina hobetzearren eta animalien osasun optimoa mantentzeko estrategiak diseinatu ahal izateko interesgarria da.
Heste-mikrobiota osatzen duten espezie ugari ezin izan dira ohiko kultiboetan isolatu baina sekuentziazio masibo teknika delakoaren garapen azkarrari esker, heste-mikrobiotan bizi diren mikrobio-populazio konplexuak modu eraginkorragoan bereizi daitezke. INIAk (RTA2013-00086-00-00) emandako proiektu baten barnean eta teknologia berri hauek erabilita, NEIKERreko Animalia Osasuneko Departamenduan, bi produkzio sistema desberdinetan barnera ditzakegun bi gizentze-oilasko arrazako heste-mikrobiotaren ikerketa burutu da. Hauetariko arraza bat (Ross-308), hazkuntza azkarrekoa (42 egunetan 2,5-3 Kg lor ditzake), sistema intentsiboan hazitakoa eta bestea (Sasso-T451A), hazkuntza geldokoa (84 egunetan bataz beste 2,2Kg lortzen duena), sistema erdi-estentsiboan hazten dena izan dira.
Nature argitaletxeko aldizkari zientifikoan (Scientific Reports – esteka), oraintsu argitaraturiko ikerketa lan batean, hazkuntza garai desberdinetan, bi oilaskoen heste-itsuko mikrobiotak osatzen duten bakterio multzoaren egitura konplexu eta dinamikoaren deskribapena burutzen da 16S rRNA genearen anplikonen sekuentziazio masiboaren bidez. Bi kasuetan, bizitzako lehen unetan, heldugabeko eta desberdintasun gutxiko mikrobiota batetik, heldutako mikrobiota egonkorrago eta konplexuago batetara pasatzen dira animaliak hazten doazen heinean, adina mikrobiotako konposaketa desberdinen faktore nagusia izanik. Bidenabar, bi arrazen artean deberdintasun garrantzitsuak antzeman dira mikrobiotaren aberastasun eta dibertsitatean, ziurrenik, hazkuntza erritmoak eta kanpo eragileek bideratutako eskakizun desberdinen araberakoak izan direlarik. Belardietara atera daitezkeen landa-oilaskoek, bakterio komunitate aberatsagoa eta konplexuagoa dute, dieta murriztuago batekin, sistema intentsibo batean hazten diren broilerrek baino. Behin adinari eta arrazari egokitutako bakterio-profil desberdinak zehaztu ondoren, heste-itsuan asaldura (tiflitis) duten animaliak identifikatu ahal izan dira aldatutako profil mikrobiano behaketaren bidez. Honela16S-aren sekuentziazio masiboa erabiliz, heste-disbiosi egoerak identifikatu ahal izan dira, honek Animalia Osasun atalean aukera anitzak emanez. Bidebatez, Campylobacter ugaritasun erlatiboarekin korrelazionatutako generoak antzeman dira ere. Azken informazio honetaz baliatuz, elikagai agente zoonotiko nagusia den genero honen kontrola burutzeko sistemak garatu daitezke mikrobiotaren modulazioa kontutan izanik, honek berebiziko garrantzia izango lukeelarik Osasun Publikoan.