Listeriosia Listeria monocytogenes-ek sortzen duen gaixotasuna da, elikagaien bitartez igortzen den gaixotasun garrantzitsuenetakoa, ez horrenbeste bere intzidentziagatik (campylobakteriosia edo salmonelosiarena baina nabarmen baxuagoa baita) baina bai bere larritasunagatik. EFSAren azken txostenaren arabera, 2017an EBean L. monocytogenes-ek %98.6ko ospitalizazio-tasa eragin zuen eta %13.8ko heriotza-tasa. Gainera azken urtetan kasu kopuruak gora egiten ari direla ikusirik, osasun publikoarentzako berrindartzen ari den arriskutzat jotzen da. Bestetik bere nonahikotasun ugariak eta zepa batzuek moldatzeko, ingurune baldintza desberdinetan bizirauteko, biofilmak sortzeko eta desinfektatzaileen eragina jasateko duten gaitasunaren ondorioz, L. monocytogenes industriarentzako elikagaien segurtasuna bermatzeko erronka garrantzitsua bihurtzen da.
Parisen, ANSESeko egoitzan, apirilaren 9 eta 10ean LISTADAPT (Adaptive traits of Listeria monocytogenes to its diverse ecological niches) proiektuaren urteroko bilera izan zen, Horizonte 2020 Europako Programaren esparruan dagoen Med-Vet European Joint Programme “One Health – Zoonoses Emerging Threats”-ek finantzatutako proiektua da. LISTADAPT proiektua, FBZ-2 (Development and harmonisation of NGS-based methods for detection and tracing of food-borne zoonotic agents, emerging threats and AMR determinants) lehentasunean kokatua dago. Europan zehar bildutako jatorri desberdineko (ingurugiroan, animalietan, elikagaietan eta kasu klinikoetan) zepa askoren konparaketa fenotipiko eta genotipikoa egin eta honen bitartez L. monocytogenes-ek nitxo ekologiko desberdinetan moldatzeko dituen mekanismo molekularrak deszifratzea du helburu.
LISTADAPT L. monocytogenes-entzako Europako Erreferentzi Laborategiak (ANSES) eta 7 Erreferentziazko Laborategi Nazionalek osatutako partzuergo batek eratua dago. NEIKEReko Animalien Osasun Saila LISTADAPTekin elkarlanean aritzen da, hainbat ikerketa proiektutan EAEko ustialekutan animalia jatorria duten isolatutako L. monocytogenes-en informazio eta zepak partekatuz. Parisen ospatutako bileran, Ana Hurtado gure lankideak ikerketa horien emaitzak aurkeztu zituen eta proiektuaren aurrerapen eta etorkizunaren inguruan egindako eztabaidan parte hartu zuen. Proiektuan hainbat milaka genoma oso deskodetu dituzte dagoeneko, hauen azterketarekin L. monocytogenes-en aniztasun genetikoa eta ingurune batzuen moldaketan eta biziraupenean erabakigarriak diren geneen informazioa eta ezagutza hobea lortzea espero da. Lortutako emaitzek elikagaien prozesamenduan eta ekoizpenean sortutako kontaminazioari aurre hartu eta elikagaien industriari garbiketa estrategia eraginkorragoak sortzen lagunduko diote.