Abereetan gaixotasunaren prebalentzia gutxitu ahala, basoko ostalariek animalien tuberkulosiaren transmisioan duten garrantzia handitu egiten dela dirudi. Hala ere, tuberkulosiaren prebalentzia txikia den eremuetan, basa-faunan arreta jarriz eginiko azterketak urriak dira. Hori dela eta, gaixotasun horrek Euskal Autonomia Erkidegoko basa-faunan duen presentzia ikertzea pentsatu genuen, behi-tuberkulosiaren prebalentzia txikia duen eskualdea baita (<%0,1). Gainera, animalia basatien eta etxeko animalia infektatuetan dauden anduinen genotipoen denborazko banaketa eta espaziala aztertzea ere proposatu genuen, animalia horien arteko lotura epidemiologikoak bilatzeko. Horretarako, 1.472 ugaztun basatiren linfonodoen laginketa egin zen 10 urtetan zehar, hauek kultibo bidez aztertuz eta lortutako isolatuetan espoligotipo-teknikaren bidez genotipazioa eginez. 10 tuberkulosi-kasu atzeman ziren basurdeetan (%1,12) eta 4 kasu oreinetan (%2,40), aztertutako beste basa-espezieetan eta azkonarretan ez zelarik inolako kasurik hauteman. Guztira, basoko ungulatuetan, Mycobacterium bovis bost espoligotipo identifikatu dira (SB0121, SB0134, SB0881, SB2354, SB1086) eta M. caprae bat (SB0415). Identifikatutako M. bovis-en espoligotipo batzuk, eskualdeko behi-aziendetan sarrien aurkitzen direnekin bat datoz. Gainera, SB0121 eta SB0134 espoligotipoak oso hurbileko eremuetako basurdeetan eta behietan detektatu dira. M caprae SB0415 espoligotipoa oreinean eta basurdean, nahiz, behi eta ahuntz aziendan aurkitu da. Euskal Herriko azkonarretan tuberkulosi-kasurik hauteman ez dugun arren, eta nahiz eta basa-faunan atzemandako kasuak ugariak ez izan, behietan eta infektaturiko basurdeetan aurkitutako espoligotipoen arteko lotura posible bat aurkitu dugu. Ostalari eskudun posible bat bera ere, etxekoa zein basatia, ezin ekidin diteke, tuberkulosiaren aurkako kontrol estrategiak garatzeko orduan.
Lan hau INIAk finantzatutako “Behi-tuberkulosia kontrolatzeko estrategiak gordailu basatietan (azkonarra eta basurdea) eta etxekoetan (ardi-azienda)” proiektuaren parte da (RTA84-00002-C02-02), eta European Journal of Wildlife Research aldizkarian argitaratua izan da. Lana esteka honen bidez kontsulta daiteke.