Duela gutxi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuan (GFA-AZ) 30 urte baino gehiago lanean aritu ostean, Joxemari Plazaola “Plaxa” eta Juan Luis Korkostegi “Korkos”-ek erretiroa hartu dute. Mahai on baten inguruan, kide eta lagunez inguraturik ospatu dugu. EAEn eta batez ere Gipuzkoan gertatu den abere saneamenduaren eboluzioaren protagonista eta lekuko izan dira Plaxa eta Korkos. Bi oñatiar hauek albaitari kliniko gisa denboraldi bat dihardun ondoren, 80.hamarkadan, hau da, dena egiteke zegoen garaian, GFA-AZn hasi ziren lanean. Urte guzti hauetan zehar egindako lanari esker, Foru Aldundietako Abeltzaintza Zerbitzuek, Animalia Osasunean izan duten lorpenetako bat azpimarratzea gustatuko litzaiguke: EAErako “ofizialki bruzelosi gabeko eskualdea” deritzon estatusa eskuratzea. Izan ere, bai Plaxak zein Korkosek, berebiziko garrantzia izan dute arrakasta honen lorpenean.
Alabaina, Korkosek eta Plaxak Animalia Osasunaren alorrean beste hainbat gai kudeatu dituzte. NEIKEReko Animalia Osasun sailarentzat, esparru desberdinetan garatzen joan garen proiektu askoren zati eta eragile izan dira. Urte hauetan zehar, proiektua gauzatu ahal izateko oinarrizkoak diren atalak kudeatu dituzte, hala nola, ustiategietako laginketak, abeltzain laguntzaileen hautaketa eta beharrezkoak ziren harremanak lortu dituzte sektorean. Adibide gisa, nahikoa da gaixotasun desberdinen zaintzarako egin diren plan eta proiektuak izendatzea: kanpo eta barne – parasitosia, paratuberkulosi eta tuberkulosia, fauna basatian aurkitu daitezkeen patogenoak, Maedi-Visna gaixotasuna eta ardien biriketako adenomatosia, aurpegiko ekzema eta ardi sarna, besteak beste. Behi eroen gaitza eta ardi dardara, Q sukarra, mihi urdinaren gaitzean, etab.-en alerta kasuetan ere modu aktiboan parte hartu dute. Hitz batez, sektorearekin konpromisoa izan duten bi albaitari izan dira, zeinak, gauzek funtziona dezaten lagundu duten, eta honen guzti honen ondorioz, eskerrak eman nahi dizkizuegu. Aro berri honetan, zuen familia eta lagunez eta baita zuen zaletasunez (bizikleta, mendia, perretxikotara joatea …) goza dezazuen opa dizuegu eta gutaz inoiz ez ahaztea espero dugu. Guk faltan asko botako zaituztegu.
Eskerrik asko eta urte askotarako!