Joan den abenduan 2020. urteari dagokion Europar Batasuneko One Health zoonosiari buruzko txostena argitaratu zen. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA), Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroarekin (ECDC) batera txosten hori urtero egiten du. 2009tik aurrera “Osasun bakarrerako EBko zoonosiari buruzko txosten laburtua” izena eman zaio (‘EU One Health Zoonoses Summary Report’ – EUOHZ), bertan zoonosien eta gizakietan, elikagaietan, animaliatan eta pentsuetan aurkitutako agente zoonotikoen datuak biltzen dira. Argitaratu berri den txostenean, Europako 36 herrialdetan 2020an zoonosien zaintzan egindako jardueren emaitzak aurkezten dira. Giza biztanlerian izan duen eraginari dagokionez, 2020an, 2005az geroztik gertatu den bezala, campilobakteriosia zoonosi ohikoena izan zen, 120.946 kasu jakinarazi baitziren; zoonosi-kasu guztien %60 baino gehiago. Hurrengo zoonosi gaixotasun ugarienak ere bakterioek sortutakoak izan ziren, erasandako bigarren zoonosi ugariena 52.702 pertsona kalteturekin, salmonelosia izan zen. Yersiniosia hirugarrena izan zen, Shiga toxina sortzaileen Escherichia coli-ek (STEC) eta Listeria monocytogenes-ek sortutako gaixotasunek jarraituz. 2019ko datuekin alderatuta, 2020ko datuek zoonosi guztien eragina nabarmen jaitsi dela erakusten dute, trichinelosi eta yersiniosi kasuak izan ezik. Adituek, gizakietan jakinarazitako gaixotasun zoonotikoen eta elikaduratik eratorritako agerraldien beherakada, seguru asko, COVID pandemiaren ondorioz sortutako ohitura aldaketen ondorioa dela uste dute.
Agente zoonotiko horiek guztiak elikadura-katean zehar ere monitorizatzen dira, hau da, abeltzaintzako ustiategietan, hiltegian eta elikagaietan. Nabarmentzekoa da Campylobacterren kasua, Batzordearen 2019/627 Betearazpen Araudian (EB) ezartzen den bezala, 2020tik aurrera oilaskoen kanalen lepoko azal-laginetan ezarritako gehieneko muga (1.000 UFC/g hiltegian) zer kasutan gainditzen den nahitaez jakinarazi behar da. Txostenak dioenez, sei laginetik batek gainditu zuen muga hori. 2019ko Campylobacter datuekin alderatuta, lagin positiboen kopurua eta ehunekoa ere handitu egin dira.
Txostenean West Nile agerraldiei buruzko informazioa ere ematen da, baita Mycobacterium bovis/caprae, Brucella, Trichinella, Echinococcus, Toxoplasma gondii, amorruaren birusa, Coxiella burnetii eta Francisella tularensis agenteek sortutako zoonosien jakinarazpenak ere.
Patogeno horien zaintza NEIKEReko Animalien Osasun Sailaren lehentasunezko ikerketa-ildoen barne aurki daitezke.