Esne-behien aziendetan laginak hartzeko alderdi praktikoak – 1. zatia

Azaroaren 5ean, esne-behien aziendetan diagnostikorako laginak hartzeko alderdi praktikoei buruzko on line eztabaida egin genuen. Boehringer Ingelheim Animal Health-ek antolatutako topaketan, VETHER Girona enpresako albaitari klinikoak (Pau Pallarés) eta NEIKEReko diagnostiko-laborategiko arduradunak (Gorka Aduriz) parte hartu zuten. Moderatzailea Manuel Cerviño izan zen, Boehringer-Ingelheimen hausnarkarien arduraduna. Ekitaldian 100 albaitari klinikok baino gehiagok eman zuten izena eta eskura zegoen txataren bidez parte hartzeko ahalmena izan zuten. Laburpen honek eztabaidan landutako funtsezko alderdiak biltzen ditu. Hasieran bi galdera egin ziren:

Zuen ustez, zer garrantzi du laborategiak diagnostikoaren barruan?
Laborategiak objektibotasuna eman dezake emaitzetan, baita bezeroarekiko profesionaltasuna edota kasua aztertzeko denbora gehiago ere. Emaitza analitikoek garrantzi handiagoa hartzen dute sintoma eta lesio ez-patognomonikoak dituen koadro larri baten aurrean gaudenean. Diagnostiko egokia egiten badugu, tratamendu jarraibideek edo abian jartzen ditugun kontrol neurriek eragin onuragarria izango dute. Era berean, laborategia garrantzitsua da jarduera epidemiologikoetan, hala nola salgai dauden animalien egoera aztertzeko, edo kontrol planak ezartzeko animalia-aziendetan. Gainera, gaixotasunen sarrera (animalia berrien erosketetan adibidez) ekiditeko koarentenak egiterakoan eta animalia berri hauen analisiak burutzerakoan laborategia garrantzitsua izaten da.
Zein dira laginak hartzeko orduan gehien kezkatzen zaituzten alderdiak?
Gehien kezkatzen gaituena laginak behar bezala hartzea da, abeltzainari eragiten dion gainkostuak merezi izateko eta diagnostikoan baliagarri izateko. Horretarako, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan: errepresentagarriak diren animaliak aukeratzea, ongi kontserbatutako eta biosegurtasun-baldintzetan bidalitako lagin egokiak izatea, analisi-proba egokiak egitea eta historia kliniko osoa izatea. Laborategiarekin komunikazio erraza egon behar da edozein zalantza argitzeko.

Hurrengo hiru asteetan, jardunaldiko ondorio garrantzitsuenak zehaztuko dizkizuegu, ugalketa-hutsegite, jaioberrien eta animalia helduen beherako, arnasketa-arazo eta mamitis kasuetan laborategira bidali beharreko lagin egokiak zein diren eta tankeko esnea aztertuz, azienda bateko infekzio-estatusa monitorizatzeko jarraibideak emango dira. Horrez gain, tarte bat eskainiko dugu nekropsietan hartu behar diren laginak zein diren azalduz, laborategira bidali baino lehen lagin horiek nola kontserbatu behar diren argituz eta azkenik, analisien eskaera nola egin behar den kontatuko dizuegu.


Argazkia: Boehringer Ingelheim Animal Health-ek antolatutako topaketaren irudia

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *