Esne-behi ustiaketen lehortzean, hautatze-terapia, antibiotikoen erabilera murrizteko tresna gisa

Errapeko mina edo mastitisa esne-behietako gaixotasun ohikoena izateaz gain, galera ekonomiko gehien sortarazten duena da. Gaixotasun honen galera nagusia, esnearen kantitate eta kalitate jetsierarengatik, bai eta erabilera profilaktiko eta terapeutiko gisa egiten den antibiotiko tratamenduengatik ematen da.

Errape barneko antimikrobianoen erabilera sistematikoa lehortze garaian, errapeen osasuna kontrolatzeko eta errape-minak ekiditeko estrategiatzat erabili izan da. Egin berri diren ikerketetan, kortako %13-35 errape laurdenak era subklinikoan infektaturik daudela ikusi da. Kontutan izanik lehortze garaian ugatz zelulen birsorkuntza ematen dela, tratamendu profilaktikoa burutzeko garai hau litzateke egokiena. Herrialde desberdinetan, urtetan, errapeko minaren aurrean, prebentzio egitasmo egokitzat jo da aukera hau, animalia osasuntsuei antibiotikoak emateak suposatzen duen arazoa kontutan izan gabe. Horregatik, esne-behietan antibiotikoak erabiltzearen arrazoi nagusia mastitisa da, lehortze garaiko tratamendurako ematen zaien erabilera profilaktikoagatik bereziki. Halere, antimikrobianoen erresistentzia dela eta gaur egungo erabilera politikak, antibiotikoekin egiten den lehortze sistematikoaren amaiera edo lege zorrotzagoen ezartzea suposatuko du herrialde gehienetan, abeltzainek hautatze-tratamendu arrazionalagoa burutuz. Antibiotikoen zentzuzko erabilera jardunean urte batzu daramaten herrialde nordikoetan, lehortzean, hautatze-tratamendua barreiaturik dago.


Ikerketa batzuk direla medio, lehortzearen hautatze-terapiak, errapeen barne zigilatzearekin batera titi barneko infekzio agerraldi berriak eta ondorengo edoskitze garaian zelula somatikoen kopuruaren handitzea ekidin dezakeela jakin izan da, antibiotikoen erabilera urrituz. National Mastitis Council delakoaren urteko bilera ondoren, esne kalitatearen jakitunen adostasunarekin, lehortzearen hautatze-tratamendua nola burutu adierazten duen txostena plazaratu dute. Dena den, ustiaketaren arabera, tratatu beharreko animaliak aukeratzeko irizpideak desberdinak izango dira eta hileroko zelula somatikoen kontaketa (RCS) eta errape-minaren historia izatea ezin bestekoa izango da. Errape-minik gabeko eta tanga esnean 250.000zel/ml baina gutxiagoko RCS-a (gutxienez azken 6 hilabeteko 4tan) duten ustiaketak, arrisku urrikotzat joko dira eta beraz, hautatze-terapia burutzeko hautagai egokiak. Kasu honetan egokia litzateke banakako RCSa eta ahal izanez gero kultibo edo/eta PCR bidezko diagnostikoa burutzea, infektaturiko animaliak hautemateko, tratamendua soilik RSCa 200.000 zel/ml baino gehiago duten animaliek edo/eta patogenoen presentzia dutenok jasoko dutelarik. Ezaugarri hauek bete ezean, arrisku gutxiko animalitzat joko dira eta soilik errapeen barne zigilatzea burutuko da. 250.000zel/ml-ko RCSa baino handiagoko ustiaketak, Streptococcus agalactiae arazoekin edo arrisku bereziren bat dutenak (instalazio aldaketak, jezte-aparatu berria, e.a.) arrisku handikotzat joko dira, edoskitze berria baino lehen, errapeen osasuna hobetzearren, antibiotikoekin lehortze sistematikoa burutuz. Behi batek lehortze prozesuan zehar antibiotiko tratamendua jaso behar duen erabakitzeko ze informazio erabili behar den zehaztean dago gakoa beraz, eta erabakitze protokolo hoberena ustialekuz ustialekura alda daiteke. Nolanahi ere, neurri hauekin batera, animalien infekzioa sahiesten eta kontrolatzen laguntzen duten higiene eta biosegurtasunezko jardunbide egokiak beharrezkoak dira beti.

NEIKERreko Animalia Osasuneko Departamenduan, Euskal Herriko esne-behi ustiaketekin elkarlana burutzea hausnartzen ari gara, holako neurriak inplementatzeko, animalien osasun egoera arriskuan jarri gabe, antibiotikoen tentuzko erabilera sustatuz.

Argazkia: Animali Osasun Saila-NEIKER

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *