Gaixotasunekiko erresistenteak diren animalien hautaketa interesezkoa da, zeren tratamenduak aplikatzeko beharra murriztu egiten da, animalien osasun egoera eta euren ongizate maila hobetzen direlako. Bestetik, animaliengan eragina duten gaixotasunen prebalentzia urritzean, murriztu egiten da abere etxetiar eta basatien artean gertatu daitekeen gaixotasunen kutsatzea eta baita aipatutako animalia hauetatik gizakietara egon daitekeen kutsatzea ere. Paratuberkulosia (PTB), Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (Map)-ek eragindako infekzioa da. Honek hausnarkari etxetiar eta basatiengan du eragina eta OIE deritzonak, animalia osasunean arazo globaltzat jotzen du. Ondorioz, OIE-k kide diren guztiei gomendatzen die, kasuen jakinarazpenean zaintza epidemiologikoa mantentzea.
Horrela, Map-ek izan ditzakeen efektuak arintzeko, kontrol neurriak mantentzea aholkatzen da. Egun, higiene eta osasun-baldintza egokiak iraunaraztearekin batera, kasu positiboen ezabaketa da gehien erabiltzen den estrategia. Hala ere, aipaturiko neurri hauek, denbora eta diru kantitate handiak eskatzen dituzte eta gainera, ez dituzte oso emaitza onak izan, diagnostikorako erabiltzen diren tekniken sentsibilitate faltaren eraginez. Hortaz, beste aukera batzuk bilatu behar dira. Hau horrela, txertaketak, kontrolerako erreminta eraginkorrak direla ikusi izan da. Izan ere, kasu klinikoak zein Map-en iraizketa gorozkietan murrizteaz gain, kostuari dagokiola ere abantailatsua da. Bestalde, PTB-ekiko erresistenteak diren markatzaile genetikoen hautaketak tresna itxaropentsua dirudi. Horregatik, NEIKER-eko Animalia Osasun Saila bi esparru hauetan ikerketak egitearen aldekoa da.
2018ko Otsailean, “Association between combinations of genetic polymorphisms and epidemiopathogenic forms of bovine paratuberculosis” izenburua duen lanaren emaitzak aurkeztu ziren. Ikerketa honek, PTB-rekiko genetikoki erresistenteak izan daitezkeen animaliak deskribatzen ditu eta Holstein-Frisón arrazako 502 animalien genotipatuen datuak biltzen ditu. Animaliak, aurrez fenotipatuak izan ziren Map-ekiko duten infekzio erlazioaren arabera. Horretarako, teknika inmunologiko, mikrobiologiko eta histopatologikoak erabili ziren, animalia hauek PTB-ak dituen 3 egoeren arabera sailkatzeko (itxuraz aske, PTB latentea, PTB nabaria). Zehazki, 24 SNPs-ren tipatua egin zen, zeintzuek sortzetiko immunitate-sistemako 6 geneei dagozkien (CD209, NOD2, SLC11A1, SP110, TLR2, TLR4).
Ikerketa honen emaitzek adierazten dute, aukeraturiko 5 SNPs-en profil genetikoa ezagututakoan, zekor, bigantxa, behi eta zezenen hazkuntzan edo animalia berriak erosteko aukeraketan erabakiak hartu daitezkeela. Beraz, SNPs-en genotipatua behin bakarrik egingo da, kostu handirik gabe eta hazkuntza modelo ezberdinak ezartzea baimenduko du. Alegia, zorrotzenetatik hasiz, zeintzuek soilik genotipo erresistenteenak aukeratuko dituzten, malguagoetara, hau da, genotipo sentikorrenak baztertuak izango diren kasuetara.
Ikerketa honetan, non NEIKER-eko Animalia Osasun Saila buru izan den, SERIDA-k, Euskal Herriko Unibertsitateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologia Sailak, Leoneko Unibertsitateko Animalia Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak parte hartu dute.
Lan honen emaitza gehiago ezagutu nahi baldin badituzue, ondorengo estekan (artikulu osoa) duzue irakurgai.