Elikagaien bitartez kutsatzen diren bakterio zoonotikoen eta hauek antimikrobianoekiko dituzten erresistentzien ikerketan Europak “One Health – Osasun bakarra” sustatzen du

One Health European Joint Programme-k (OHEJP) antolatutako lehenengo kongresua maiatzaren 22tik 24ra ospatu zen Dublinen. Elkarte hau, 19 europar estatutako 39 kidek osatzen dute eta honen finantziazioa Europako Horizonte 2020 programatik dator. Kongresu honen helburu nagusia “One Health” (“osasun bakarra”) deritzon kontzeptua garatzea izan da. Izan ere, giza osasunaren eta abere osasunaren arteko elkarlana bilatzen da zoonosiei eta antimikrobioei erresistenteak diren bakterioen barreiapenari aurre egiteko.
Dublinen, 300 pertsona inguru bildu ziren. Programa, aldi bereko bi saioko 60 aurkezpen paraleloetan eta saio bateko 3 aurkezpenetan banatu zen. Gainera, 80 poster aurkeztu ziren. Arlo desberdinetako gaiei buruz mintzatu zen, hala nola elikagaien bitartez zabaltzen diren zoonosiei, antimikrobioei erresistenteak diren bakterioei eta gaixotasun emergentei buruz. Sekuentziazio teknika berriak ere aurkeztu ziren. Izan ere, teknika berri hauek antimikrobianoen erresistentzia mekanismoen karakterizazioan asko laguntzen dute, gene horiek elika – katearen bidez zabaltzeko izan dezaketen gaitasuna neurtu dezaketelako. Era berean, genero eta espezie desberdineko bakterioen artean elementu genetiko asko trukatu daitezke, plasmidoak esaterako, ingurunean erraz hedatu daitezkeenak eta problema handitzen jarraitzen dutenak. Gene hauen karakterizazioa, antimikrobien zentzuzko erabilerarekin batera, funtsezko bideak dira antimikrobien erresistentziari aurre egiteko.
NEIKERREKO Animalia Osasunaren Departamentuaren eskutik, gure kideak, Ana Hurtado ikertzaileak, “Antimicrobial resistance in C. jejuni and C. coli isolated from ruminants in Northern Spain: Comparison of two studies 10-years apart” izeneko hitzaldia aurkeztu zuen. Bertan, hausnarkarietan isolatutako Campylobacter jejuni eta Campylobacter coli anduitek antimikrobioekiko duten erresistentzia konparatu da bi denbora tarte desberdinetan (2003tik 2015ra eta 2014tik 2016ra). Ikerketa honetan, hausnarkarietatik lortutako Campylobacter isolatu gehienak makrolidoei (giza infekzioetan hautatu beharreko antibiotikoa da) sentikorrak izan ziren. Dena den, fluorokinolonekiko (gizakientzako garrantzi erabakigarria duen antibiotikoa) erresistentzien areagotze argia kezkagarria denez, abeltzaintzan antibiotiko hauen erabilera zentzudunagoa beharrezkoa da.
Kongresu honetan parte hartzeak, Europako ikerlarien artean informazioa trukatzeko, lankidetza berriak sustatzeko eta lehendik zeuden aliantzak berritzeko asko balio izan du.

Argazkia: NEIKER – Animalia Osasun saila. NEIKEReko eta CISA-INIAko ikertzaileak.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *