EAEko bi hezegunetako eltxo-komunitatearen osaera

Eltxoak (Diptera: Culicidae) hezeguneetan maiz aurkitzen diren diptero hematofagoak dira. Hezeguneak balio handiko ekosistemak dira animalia espezie askorentzat, bereziki hegazti migratzaileentzat. Beraz, hegaztien eta eltxoen arteko interakzioek zeregin kritikoa izan dezakete patogenoen transmisioan, hala nola West Nile birusaren transmisioan. 2018 eta 2019 urteetan, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatutako VIMOTICKS proiektuaren esparruan, laginketak egin ziren Urdaibaiko eta Salburuako hezeguneetan, CO2-dun CDC tranpak eta intsektu-salabardoa erabiliz. Guztira, 22 espezietako 1.529 eltxo bildu ziren, EAErako zortzi erregistro berri barne. Bi hezeguneen artean aldeak egon ziren eltxo espezieen ugaritasunean eta aniztasunean. Hegaldi-jarduera desberdina izan zen eltxo-espezieen artean, batzuk udaberrian eta beste batzuk udan iritsiz jarduera maximora. Eltxoak hazten diren lekuak ere aztertu ziren. Gainera, gizakietan, zizta egiteko zein eltxo-espezie posatzen ziren ebaluatu zen. Harrapatutako eme batzuek elikatu ziren ostalariaren odol-arrastoak zituzten, eta 11 ornodun espezieren, sei ugaztunen eta bost hegaztiren, DNA identifikatu ahal izan zen. Lan honek eltxoen laginketa hainbat teknikaren bidez egitearen abantailak nabarmentzen ditu eremu jakin bateko espezieen osaera eta ugaritasuna zehatz-mehatz karakterizatzeko. Horrez gain, lehentasun trofikoei, hau da, zein animalia-espezieez nahiago duten elikatu, eltxo espezieek gizakiak ziztatzeko duten afinitateari eta klima-aldagaiek eltxoen ekologian duten eraginari buruzko informazioa ere ematen du.

Bi hezeguneetako eltxoen ugaritasuna Europako beste hezeguneetako eltxoen ugaritasunetik oso urrun badago ere, Urdaibaiko padurak, Salburuako hezegunearekin alderatuta, eltxo gehiago eta patogenoen bektore potentzialtzat jotzen diren espezie gehiago ditu. Emaitza hauek tokiko osasun-agintariek erabil ditzakete kudeaketa-estrategia onenak diseinatzeko; izan ere, eltxoen kontrolaren garrantzia sozioekonomikoak, eragindako eragozpenak, bektoreek transmititzen dituzten gaixotasunak eta ingurumen-ondorioak elkarrekin kontuan hartzea eskatzen baitu.

Ikerlana Medical and Veterinary Entomology aldizkarian argitaratu da:
https://onlinelibrary.wiley.com/share/author/RSJCDQPZCRWUM6UIXEJT?target=10.1111/mve.12661

 

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *