Behi-esnearen mikrobiotaren konplexutasuna mastitisarekin duen harremana argituz

Mastitisa edo errapeko hantura behi-aziendarengan garratzi eta inpaktu handienetarikoa duen gaixotasuna da, bai ekoizpen murrizketa, esnearen galera zein horri lotutako albaitaritza-gastuengatik. Gaixotasun hau klinikoki ager daiteke, esnearen eta errapearen alterazio makroskopikoak ikusiz; edo subklinikoki, non, ekoizpenaren murrizpena baino ez den ikusten, ageriko beste alteraziorik gabe. Mastitisa faktore kimiko, fisiko eta biologikoek eragin dezakete, kausa nagusia bakterio-infekzioak izanik. Kultibo mikrobiologiko konbentzionalaren bidezko diagnostikoak ez du lortzen agente etiologikoa isolatzea kasuen % 40-50ean. Alternatiba gisa, sekuentziazio masiboko teknikek, laginean dauden mikroorganismo guztiak identifikatzea ahalbidetzen dute.

NEIKEReko Animalien Osasun Sailean egindako ikerketa batean, mastitisaren historia desberdina duten behien esnearen mikrobio-komunitatea (mikrobiota) ezaugarritu da, behien bular-guruinaren mikrobiotaren aldaketek mastitisaren hasiera edo progresioa eragin dezaketen egiaztatzeko. Horretarako, frisona behi-arrazako abeletxe bakar batetik jasotako 281 esne-laginen mikrobio-populazioa karakterizatu da, 16S rRNA gene osoaren sekuentziazioaren bidez, Oxford Nanopore zati luzeen sekuentziazio-teknologia erabiliz. Animaliak modu homogeneoan banatu ziren bost talde esperimentaletan: behi osasuntsuak (HC), txahal osasuntsuak (HH), mastitis-gertakari batetik osatutako behiak (HR), mastitis klinikoa zuten behiak (CM) eta mastitis subklinikoa zuten behiak (SM).

Animaliak mikrobiotaren arabera sailkatzeko egindako analisiari esker (Enterotyping), sei enterotipoetan multzokatu ahal izan ziren. Horietako bakoitza bakterio-komunitate desberdin batek osatzen zuen, eta genero markatzaile bat eta hainbat genero desberdin zituen. Bi enterotipo mastitis klinikoa zuten animalien laginez soilik osatuta zeuden, eta disbiosi nabarmena erakutsi zuten, gainerako populazio bakteriano endogenoa ordezkatzen zuten genero patogeno bakarraren (Escherichia eta Streptococcus, hurrenez hurren) nagusitasunak eraginda. Aldiz, mastitisa zuten animalien gainerako laginak (subkliniko guztiak eta kliniken erdiak) animalia osasuntsuen laginekin elkartu ziren hiru enterotipoetan, ziur aski osasunaren eta gaixotasunaren arteko tarteko egoerak islatuz. Beste enterotipo bat, mastitisaren zantzu argirik gabeko animalien laginen kopuru txiki batez osatua, non-aureus staphylococciren ugaritasun handia izan zuen. Ikusi ahal izan dugunez, mastitis-gertakari baten ondoren, mikrobiotaren eta klinikaren errekuperazioa ez dira beti aldi berean gertatzen denboran zehar, eta horrek adierazten du errapearen osasun-egoera definitzeko erabilitako definizio klinikoak ez duela beti modu koherentean islatzen profil mikrobiarraren errealitatea.

Emaitza horiek agerian uzten dute gaixotasunaren konplexutasuna, mastitisa errapearen mikrobiota etengabe aldatzen duen prozesu dinamikoa dela erakutsiz, eta horrek osasuna edo gaixotasuna adierazten duen mikrobiota profil bakarraren definizioa zaildu egiten du.   Egoera batzuetan, mikroorganismo bakar batek disbiosi larria eragiten du, errapearen populazio endogenoa aldatuz eta mastitis klinikoa eraginez. Hala ere, ohikoak dira tarteko egoerak, non  errapeko mikrobiota osasun eta gaixotasun egoeren artean igarotzen den. Mastitis subklinikoa duten animalien mikrobiota animali osasuntsuenaren antzekoa da eta, beraz, erronka bat da mikrobiotaren analisiaren bidez soilik identifikatzea.

Ikerlan hau MICIU/AEI/10.13039/501100011033 eta “FSE Invierte en tu futuro” PID2019-106038R-100 proiektuaren eta PRE20-096275 doktoratu aurreko kontratuaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantzatu dute. Emaitzen zehaztasunak Animal Microbiome.

Argazkia: NEIKEReko Animali Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *