Joan den maiatzaren 28an, gure lankidea den Raquel Álvarez Alonsok bere doktorego-tesia defendatu zuen: “Coxiella burnetii-k esnetarako gaitasuna duten hausnarkari txikien ustiategietan eragindako infekzioaren bilakaeraren azterketa eta produktuen kalitatean eragina”. Zuzendaria: Ana L. García-Pérez, NEIKEReko Animalia Osasun Saileko ikertzailea. Defentsa EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Gradu Aretoan egin zen. Azken hilabeteetan bizi dugun egoera berezia dela eta, epaimahaiko hiru kideetatik bik bideokonferentzia bidez tesiaren aurkezpen eta defentsan parte hartu zuten. Era berean, interesatuek bideokonferentzia bidez jarraitu behar izan zuten ekitaldi akademikoa, ezin izan baitziren bertaratu. Raquelek egindako lanaren defentsa ona egin zuen eta Bikain cum laude kalifikazioa jaso zuen.
Tesi hori INIA RTA 2013-00051-C02 proiektuaren esparruan egin da; proiektu horren bidez, doktoregaiak doktoreak prestatzeko kontratua izan du (INIA FPI-014). Lau urte hauetan, Raquel NEIKERen Q sukarraz arduratzen den ikertzaile-taldeko kide izan da eta bere tesi-lanak lau argitalpen zientifiko eman ditu. Gainera, Q sukarraren zenbait giza agerraldiren jarraipenean parte hartu du eta beste bi argitalpen egin dira. Lan horietako gehienak aurreko blogetan eman dizkizuegu aditzera eta laster azken ikerketaren berri emango dugu, argitaratzeko fasean baitago.
Gainera, prestakuntza aldi honetan, Raquelek hainbat egonaldi egin ditu; Patogeno Berezien Erreferentziazko eta Ikerketako Laborategian (Mikrobiologiako Zentro Nazionala, Carlos III.a Osasun Institutuan), Erlangeneko Unibertsitateko Mikrobiologia Institutuan (Erlangen, Alemanian), Bundeswehr Institute of Mikrobiology-an (Munich, Alemanian) eta CDCn (Centers for Disease Control and Prevention- National Center for Emerging and Zoonotic Infectious Diseases, Division of Vector-Borne Diseases, Rickettsial Zoonoses Branch) (Atlanta, AEBn). Horietan, Raquelek, Coxiella burnetiiren diagnostiko-teknikei buruzko ezagutza zabaldu du; zehazki, zelula-hazkuntzan eta genotipo-teknika eta anduiak karakterizatzeko tekniketan.