Biosegurtasunak, ustiategietan eragile infekziosoen sarrera eta sakabanaketa txikiagotzera bideraturik dauden neurri guztiak biltzen ditu, talde bateko animaliak osasuntsu mantentzen laguntzen duelarik. Biosegurtasunean bi maila desberdindu daitezke: kanpokoa eta barnekoa. Kanpo-biosegurtasunak, kanpo ingurunearekin dagoen kontaktuari egiten dio erreferentzia, honen helburua eragile patogenoak abeltegira sartzea edo bertatik irtetea saihestea delarik. Aldiz, barne-biosegurtasunak, eragile infekziosoak behin barruan daudela, hauen sakabanaketa saihestera bideraturik dauden neurriak biltzen ditu. Horrela, kanpo-segurtasunak ondorengo alderdi hauek ditu: animalia erosketa (jatorria, osasun-estatusa eta koarentena), animalia garraioa, hondakinen kudeaketa (minda, simaur eta gorpuzkiak), uraren kalitate mikrobiologikoa eta bazka (pentsua/zuhaina), langileen sarbidea eta bisitak (arropa, eskuen garbiketa), izurrite eta bektoreen kontrola, eta instalazioak. Barne-segurtasunak hurrengoak biltzen ditu: txertaketa, adinaren araberako animalien maneiua, animalia osasuntsu eta gaixoen banaketa eta garbiketa eta desinfekzio protokoloak.
Honez gain, aipaturiko biosegurtasun neurri hauei gaixotasunen antzemate goiztiar sistema eta zaintza eraginkorra gehituz, biak albaitari baten gainbegiratzepean, animalien gaixotasunak saihestu eta kontrolatu ahal izateko giltza izango dugu. Antzemate goiztiarra deritzon sistemak zati hauek ditu: i) azterketa klinikoa; ii) gaixotasunen bat edukitzeko susmoa edukiz gero, laginen bilketa laborategiko analisiak egiteko; eta iii) abeltzainari gaixotasunaren diagnostikoaren eta hartu beharreko neurrien berri ematea. Zaintza eraginkorra, datuen bilketa eta azterketa sistematiko eta jarraitua bezala ulertu behar da, eta lortutako emaitzen arabera dagokion kontrol eta prebentzio neurriak hartu behar dira. Ondorioz, ezinbestekoa da parte hartzen duten aktore guztien koordinazioa, bai abeltzain eta albaitariena zein diagnostikoa egiten duen laborategikoarena ere.
Prebentzio-estrategia hauek guzti hauek (biosegurtasuna, gaixotasunen detekzio goiztiarra eta zaintza) animaliek izan ditzaketen infekzioak murrizteko balioko dute eta hortaz, antibiotikoak emateko beharra murriztuko dute. Antibiotikoen erabileraren murrizketak, arindu egingo du abeltzaintzan, hauen erabilerak erresistentzia bakterianoen sakabanaketan duen inpaktua, zeina Osasun Publikorako mehatxua izateaz gain, erronka sozioekonomiko garrantzitsua den.
NEIKEReko Animalia Osasun Sailetik, Euskal Herriko abere ustiategiekin elkarlanean aritzea proposatzen dugu aipaturiko neurri hauek guzti hauek ezartzeko, zeintzuek animaliek izan ditzaketen infekzio arriskuak murrizten eta Albaitari Medikuntzan erabiltzen diren antibiotikoen erabilera zentzuduna bultzatzen duten.