Datorren larunbatean, hilak 20, Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta gure blogean horren berri eman nahi dizuegu. Bioaniztasun Biologikoaren Hitzarmenaren arabera (https://www.cbd.int/convention/), bioaniztasuntzat jotzen da “edozein motatako izaki bizidunen aldakortasuna, besteak beste, lurreko eta itsasoko ekosistemak, uretako beste ekosistema batzuk eta horiek osatzen dituzten konplexu ekologikoak; espezie barruko aniztasuna, espezieen artekoa eta ekosistemen artekoa barne hartzen du”. Gizakiaren ekintzak eragindako desorekek espezie batzuk ugaritzea eta beste batzuk desagertzea eragiten dute. Hori dela eta, organismoen hautaketa bat eman daiteke, bakterioetatik ugaztunetaraino. Espezieen aldakortasun hori eta ekosistemetan modu orekatuan egotea oso garrantzitsua da animalien osasunaren ikuspegitik, bioaniztasunaren desorekek gaixotasunen epidemiologian eta haien kontrolean ere eragiten baitute. Horren adibide garbia da animalien tuberkulosia eta estatu mailan dituzten gordailu basati nagusien egoera, basurdea eta oreina. Europan, basa-ungulatuen populazioak handitzen ari dira, neurri batean, harrapakaririk ez dagoelako, lurraren erabileran aldaketak gertatzen direlako eta landa-abandonua dagoelako.
Horrek basa-ungulatuentzako habitat egokiak sustatzen ditu, elikagai eta babesleku gehiago dagoelako. Horrek guztiak bioaniztasuna murriztu eta animalien tuberkulosian eta bestelako gaixotasunen ostalari egokien populazioak handitzen ditu. Gainera, arriskuan jarri dezake beste animalia batzuen osasuna, batez ere abereena eta, neurri txikiagoan, baita giza osasunarena ere. Bestalde, jarduera antropikoen ondorioz, patogeno batzuek ere arriskuan jar dezakete bioaniztasuna.
Bestalde, klima eta, beraz, habitata aldatzeak, pertsonen eta merkantzien mugimendu handiekin batera, eltxo eta kapar bektoreek distantzia luzera lekualdatzeko gai izatea eragiten du. Artropodo bektore hauek, leku berri horietan, lehen existitzen ez ziren bizirauteko baldintza eta transmiti ditzaketen birus edo bakterioekin kutsatuak izan daitezken espezieak aurkitu ditzakete.
Horregatik, baliabide naturalen erabilera jasangarria sustatu behar dugu, ekosistemen desoreka ekidinez, ekosistema eraldatuak berreskuratuz eta nekazaritza eta abeltzaintza jardueren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren arteko bizikidetza jasangarria bilatzen jarraituz.
NEIKEReko Animalien Osasun Sailetik, “Biosegurtasuna, basa-fauna eta bektoreak gizakien eta abereen infekzio-iturri gisa” ikerketa lerroaren barruan jorratzen ditugu gai horiek.