Beste espezie inbaditzaile bat iritsiko al da?

Otsailean, tenperatura igotzen hastean, aurreko udazkenean jaiotako liztor asiarren (Vespa velutina) erreginak hibernazio-alditik atera eta beraien ziklo biologikoari ekingo diote beste urtebetez. Udaberrian zehar egindako eguraldia apropos zaien ala ez kontuan hartuta, erregina kopuru handiago ala txikiagoak biziraungo du, honek eragin zuzena izango duelarik gure inguruan egongo den habia-kopuruan. Oraingo honetan liztor asiarraz hitz egingo ez dugun arren, arestian aipatutakoa aplika dakioke Iberiar Penintsulako hegoaldean finkatu den liztor exotiko inbaditzaile espezie berriari. Vespa orientalis klima erdiidorra nagusi den Ekialdeko Mediterraneoko, Asiako eta Afrikako espezie autoktonoa da. Hala ere, badirudi espezie hau bere banaketa naturaletik kanpoko herrialdeetan ezartzen ari dela azken urteotan. Giza jarduera sakabanaketa honen eragile izaten ari da, segura aski salgaien garraioa dela medio, V. velutina-ren kasuan gertatu zen bezala. 2018an, V. orientalis espezieko liztorrak begiztatu ziren Gibraltarren eta honen inguruan kokatutako Cadizko probintziako herrietan, bai eta Malagako probintzian ere ondorengo urteetan. 2020 eta 2021 urteetan ohikoa izan da liztor espezie hau aipatutako probintzietako erlategietan ikustea, jada kalte handiak eragiten hasi delarik.
Vespa orientalis espezieko liztorrak V. velutina baino handixeagoak dira, baina kuruminoa (Vespa crabro) baino txikixeagoak. Hala ere, bere kolorea dela eta argi eta garbi bereizten da beste bi espezie horiengandik. V. orientalis-en buru, torax, hanka eta abdomenaren zati batek kolore gorrixka dute eta buruan zein abdomenaren azken zatian kolore horixka nabarmentzen da, buruan orban modura eta abdomenean bi marra lodi balira bezala. Ziklo biologikoa beste bi espezieen antzekoa da, liztor-koloniaren jarduera maximoa udazkenaren hasieran emanez. Une horretan, ehunka liztor langile egon daitezke lanean, eta aldi berean larben garapena ematen ari da; larba hauetatik sortuko dira etorkizuneko arrak eta erreginak. Garai honetan, liztor-koloniaren energia zein proteina beharrak handiak direnez, ohikoa izaten da liztorrak frutaz elikatzen nahiz erleak edo bestelako intsektuak harrapatzen ikustea.
Liztor-habiak egiteko, murtxikatutako landare-zuntzak erabiltzen dituzte eta ingurugirotik babestutako lekuetan (zuhaitz, horma eta arroketako zuloetan) zein giza eraikuntzetan (teilatuetan, pertsiana-kaxetan eta abar) kokatzen dira. Halaber, oso ohikoa izan ohi da habiak lurpean edo zulo natural zein artifizialetan egotea. Kasu honetan zaila da habiak bertan daudela ohartzea eta honek pertsonentzat arriskua suposa dezake. Nahiz eta espezie hau pertsonekiko bereziki erasokorra ez den, hemen dauden beste bi liztor-espezieekin gertatzen den bezala, gehiegi hurbilduz gero edo habian aldaketaren bat eragiten dugunean, liztorrak kolonia defendatzeko asmoz ziztada mingarriak eragin ditzakete.
Aurretik aipatu bezala, jatorriz herrialde idorretako espeziea den hau, penintsulako eskualde bero eta lehorrak inbaditzen ari da, bertan ezarriz. Gainera, klima-aldaketaren ondorioz, eskualde hauetako klima liztor honen jatorrizko eskualdeetako klimaren geroz eta antzekoagoa izango da. Espero dezagun V. velutina-rentzat hain onuragarria den Euskadiko klimak liztor inbaditzaile honen ezartzea eragoztea, eta ondorioz, gure flora eta entomofauna arriskuan ez jartzea.

Argazkia: https://www.portalfruticola.com/

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *