Beste urte batez, uztailaren 10tik 14ra bitartean, Zaragozako Unibertsitateak antolatzen duen “Entomología Sanitaria y Control de Vectores” udako kurtsoaren XVI. edizioa ospatu da Grañen udalerrian, Los Monegros (Huesca) eskualdea osatzen duen herrietako bat. Aurten ere, ikastaroa beterik zegoela iragartzeko kartela eskegi dute eta parte hartzaileak biologia eta albaitaritza esparruko ikasle zein izurriteen kontrolean lan egiten duten pertsonak izan dira. Gure lankidea den Ione Ortega-Araiztegi, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ematen duen teknologoen beka baten onuraduna, bertan izan da eta sentipen oso positiboekin bueltatu da. Kurtsoan zehar, gaixotasunak transmititzeko duten gaitasuna dela eta, Osasun Publiko zein Animalien Osasunean garrantzia duten bektoreen ezagutza handitzeko aukera izan du.
Ikastaroak, batez ere, euli beltza eta tigre eltxoa (Aedes albopictus) izan ditu ardatz, ziztadek pertsonengan eragiten duten min eta eragozpenen ondorioz, Osasun Publikorako interesezkoak diren bi artropodo. Euli beltza, 1,5 eta 5 mm bitarteko Simulidae familiako intsektua da, bere aktibitate maila altuena egunsenti eta iluntzean da eta ugaztunak eta hegaztiak dira bere ostalariak. Nahiz eta momentuz, bektore bezala izan dezakeen eragina gune tropikaletara mugaturik egon, ezin daiteke baztertu aldaketa epidemiologiko baten ondorioz eragile patogenoren bat transmititu ahal izatea. Inoiz, (ziztaden kopuru eta pertsona eta animaliek duten sentsibilitate mailaren arabera) ziztadek eragozpenak aurkeztu ditzakete, simuliotoxicosis deritzon erantzun alergikoa sortuz. Honek, hantura, azkura, hemorragia eta edema eragiten ditu eta kasu larriek derrigorrezko arreta medikua behar dute. Tigre eltxoaren kasuan, kurtsoa kulizido honetan zentratu da Zika, Dengue eta Chikungunya bezalako gaixotasun tropikal batzuen bektore izateko duen gaitasuna dela eta. Ikastaroan zehar, zorri, arkakuso, kapar eta kulikoideekin erlazionaturiko aurkezpenek ere euren tokia izan dute. Horretarako, kurtsoak, artropodo hauen biologiaz eta zaintza eta kontrolerako erabiltzen diren metodoez hitz egiteko, materia hauetan adituak diren pertsonak izan ditu.
Ikastaroa teoriazko klase eta klase praktikoetan banaturik egon da. Lehenengoak udaletxean burutzen ziren eta aipaturiko bigarrenak Kultur etxean inprobisaturiko laborategian egiten ziren. Bertan, lupa eta mikroskopioa erabiliz, gako diren ezaugarri morfologikoak begiratzeko aukera izan dute artropodoen arteko bereizketa egiten ikasteko. Gainera, landa praktikak egin dituzte tranpak ezarri eta intsektu helduak harrapatu eta identifikatu ahal izateko. Landa praktiketako batean, zuzenean ikusi ahal izan zuten euli beltz baten ziztada irakasle eta ikasleengan. Horrez gain, in situ ikusi zuten, Monegros Eskualdeko Izurriteen Kontrol Zerbitzuak Flumen errekan, batetik, euli beltzaren larben kontra egiten dituen tratamendu kimikoak eta bestetik, errekaren inguruan lainoztagailua erabiliz egiten dituzten tratamenduak.
Hizlari bikain eta landa zein laborategi praktikek, ikastaroa heziketa oso gomendagarri baten bihurtzen dute bektore eta gaixotasunen aurkako borrokan, bizi kalitatearen hobekuntzan eta gune turistiko, nekazal eta abeltzainen ingurumen kalitatean interesaturik dauden pertsonentzat.